Isolamenduari aurre egin
Tim Jackinsen hitzaldi bat “Buru Osasunaren” Askapenerako Batzarrean, 2024ko urrian
Zaila izan daiteke molde kronikoen gainean lan egitea, batez ere gizarte baten zapalkuntzetatik datozenean.
Ia inork izan ez duenez bere burua erabat askatzeko aukerarik, estutasun batzuk pilatzen joan dira belaunaldiz belaunaldi. Estutasun horiek gure gizarteen parte bihurtzen dira, eta belaunaldi bakoitzari transmititzen zaizkio.
Zapalkuntza guztien helburua da pertsonak egokitzea gizartearen zerbitzura jar daitezen. Horiek guztiek eragozten dute pertsonak beraiek izatea. Gure gizarteak ere hertsatzaileak dira: jendea arauak jarraitzera behartzen dute.
“BURU OSASUNAREN” ZAPALKUNTZA
Zapalkuntzaren indarretako bat “buru osasunaren” ingurukoa da. Egokitzeko presioa ez bada behar bezain gogorra izan, eta jendeak bere pentsamenduak jarraitu nahi baditu, “problematiko” gisa etiketatzen dira. Hainbat presio erabiltzen da horiek egokitzen saiatzeko, baita mundu guztiari haiengan zerbait gaizki dagoela sinetsarazteko ahalegina ere.
Sendagileen komunitatearen zati batek bat egin du ahalegin horrekin, eta pertsonengan zerbait gaizki dagoela onartu du. Kapitalismoak ideia hori sortu eta babesten du, eta ustez arazoa konpontzen duten substantzia kimikoekin (botika psikiatrikoekin) etekinak lortzen ditu. Baina azken hirurogeita hamar urteetan egin dugun lan guztiak dio oker daudela. Kontua ez da jendeak ez duela gaizki funtzionatzen; batzuetan egiten dugu. Baina sistematikoki egiaztatu dugu pertsonek beren estutasunak asaskatzen dituztenean, funtzionamendu txarra gelditu egiten dela.
Erraza da ulertzea jendea nahastu egiten dela horrekin, estutasunek eta asaskatzeak nola funtzionatzen duten ulertzen ez duenean. Bai haiek eta bai gu birsubermatu gaitezke eta geure burua zalantzan jarri. Agian zeure buruari erakutsi diozu estutasun bat desegin dezakezula asaskatzearekin, baina horrek ez du esan nahi “buru osasunaren” zapalkuntzaren inguruan dituzun beldur guztiak asaskatu dituzunik.
PENTSATZEKO DUGUN GAITASUNA
Hona hemen EBko beste zati garrantzitsu bat: gutako gehienok EBn pentsatzen dugunean, asaskatzean eta sendatzean pentsatzen dugu. Baina garrantzitsua da onartzea ondo pentsa dezakegula gure estutasun guztiak asaskatu aurretik ere.
Estutasunek ez dute gure pentsatzeko gaitasuna suntsitzen. Asaskatu gabeko estutasunen sentimenduak nahasgarriak izan daitezke, baina ez dute zertan itogarriak izan. Asaskatu gabeko estutasun kopuru handi batekin ere, erreala zer den ikusteko gaitasuna izaten jarraitzen dugu.
Hau ideia garrantzitsu bat da: gutako bakoitzak eutsi ahal dio gure estutasunen erakarpenari, sentimenduak asaskatu ahal izan baino lehen ere.
Beti erabaki dezakegu zer egingo dugun. Bururatzen zaigun onena egin dezakegu, izugarri gogorra iruditzen bazaigu ere. Gure estutasunen aurka egin dezakegu orainaldiko errealitatean irauteko.
Oinarrizko eskoletan, partaideari galdera bat egiten ikasi genuen, saio baten amaieran “errealitateari arreta jar diezaion”. Jendea EB hasten duenean ez da konturatzen bere arreta estutasunetatik atera dezakeela. Eta zenbat eta gehiago asaskatu, orduan eta hobeto. Gero eta argiago izaten dugu, estutasunak estutasun, pentsatzeko ahalmena dugula, gure burua birsubermaduratik atera dezakegula eta orainaldian egon gaitezkeela. Hori zenbat eta argiago izan, orduan eta ausartago borrokatuko dugu horren alde.
GURE GOGAMENAREN ALDE LAN EGIN
Garrantzitsua da erabakitzea gure gogamenaren alde lan egitea, birsubermatutako estutasun erakarpenari amore emateari uko egitea. Hori erabaki dezakegu zapalkuntza bakoitzaren erakarpenaren eta nahasmenduaren aurka. Bereziki garrantzitsua da “buru osasun” zapalkuntzarekin, “buru osasun” zapalkuntzak esaten baitizu ez duzula zure gogamenaren kontrolik, nolabait kaltetuegia zaudela zure gogamena kontrolatzeko. Ez dugu uste gizaki batek “burua galduko” duenik. Hirurogeita hamar urtetan zehar egin dugun lan guztiak, ehunka mila pertsonarekin, horri buruz dugun pentsamoldea babesten du.
Denok izan baikara “buru osasun” zapalkuntzaren jomuga, borroka bat da. Baina gure baitan zerbait gaizki dagoela dioten grabazioen aurka egin dezakegu. Gure gogamenak dauden bezala ondo daudelako ideiaren alde lan egin dezakegu.
Horrek ez du esan nahi nahasten ez garenik eta akatsak egiten ez ditugunik, egin egiten ditugulako. Beti egingo ditugu akatsak; ikasten dugun moduaren parte da. Baina badakigu akats errepikakorrak estutasun moldeetatik datozela, eta horiek asaskatu daitezkeela. Asaskatzearekin pentsatzeko gaitasuna berreskuratzen dugu berriro.
Egin ditzagun saio labur batzuk gure gogamenaren alde lan egiteko, gugan zerbait gaizki zegoelako ustea zuen edozeinen aurka.
ISOLAMENDUA
Gure estutasun goiztiarrak lantzea nahi dut berriro, batez ere besteengandik isolatu gintuztenak. Isolamenduak oso eginkizun suntsitzailea izan du gure bizitzan. Uste dut isolamendua izan zela beste estutasun batzuekiko hain zaurgarri egin gintuena. Gure bizitzaren hasieran lotura ona izatea lortu izan bagenu, pentsamenduak gurekin parteka zitzakeen pertsona bat eduki izan bagenu, indar zapaltzaileei buruz pentsatzeko norbait izango genukeen. Zapalkuntzen jomuga izan ginen, eta ez geneukan inor horretaz pentsatzeko. Ezin genuen jakin beste inor konturatzen ote zen gu bezala gauza horietaz.
Nahasgarria da hain bakarrik sentitzea gu sentitu ginen bezala. Gutako askok hamarkada batzuk daramatzagu EBn. Maite ditugun eta konfiantza dugun pertsona askorekin harremanak izan ditugu, baina askotan hori ez da nahikoa isolamendua eteteko.
Harreman horiek sortu arren, bakarrik sentitzen jarraitzen dugu. Jakina, sentimendu horrek ez du zerikusirik orain benetakoa denarekin; aspaldi zauritu gintuzten moduarekin du zerikusia. Eta estutasun guztiak bezala, sentimendua ez da aldatzen asaskatzeko nahikoa aukera izan arte.
Beraz, galdera da: non urrundu zinen pertsona guztiengandik?
Beste era batera esango dut: non galdu zenuen mundu guztiarekiko lotura? Uneren batean, pertsona guztiek konektatzen saiatzeari uzten diote, eta amore ematen dute, eta aurrera jarraitzen dute eta bizitza bat eraikitzen dute beren kabuz. Kaira lotutako ontzitxo batean eserita egongo bazina bezala da, soka moztu eta noraezean ibiliko bazina bezala.
Hori oso une garrantzitsua da gure bizitzan, une horretan aldatu egin baitzen mundua ikusteko genuen modua. Eta gauza tristeetako bat da, normalean, inor ez zela konturatu. Ez ziren konturatu ez zeniela modu berean begiratzen. Ez zenuen espero zutaz pentsatuko zutenik. Konturatu zinen zaurituegiak zeudela eta amore eman zenuen.
Min hori asaskatzeko baliabideak inoiz izan ez ditugunez, gutako gehienok lur jota eta etsita sentitzen jarraitzen dugu konexioari dagokionez. Eta orain ez dakigu nola saiatu berriro jendearekin konektatzen. Batzuk ez dugu inolako itxaropenik. Eta batzuk amets egiten dugu norbaitek aurkituko gaituela eta asko gustatuko gatzaizkiola, eta hori dela-eta gure isolamendua hautsiko duela eta aurkitu egingo gaituela. Baina askotan ez dugu ideiarik ere geure kabuz egin dezakegunik.
BERRIRO ELKARREKIN EGON
Isolamendura eraman zintuzten baldintzak aldatu egin dira. Berrogeita hamaika pertsona daude Zoomeko batzar honetan borroka hauek nolakoak diren ulertzen dituztenak.
Gutako inork ez du bakarrik egon nahi. Badakit batzuetan baietz pentsatzen duzula, bizitza errazagoa izan daitekeela bakarrik zaudenean eta jendearekin konektatzen saiatzea birsumagarriegia dela. Baina gizaki bakoitzaren barruan beste adimen batzuekin konektatuta egoteko irrika dago. Baliteke bakardadearen, ezintasunaren eta etsipenaren azpian lurperatuta egotea, baina mundu guztiari gustatuko litzaioke haur txiki batek mundu guztiarekiko erakusten duen berotasuna izatea. Gizakiak –beste gizaki batzuk– errealitateko gauzarik atseginenetako bat dira. Eta, argi eta garbi, estutasunak bakarrik bereizten gaitu besteengandik.
Beraz, irrikaz bazaudete edo ez bazaudete, berriz elkarrekin egon behar zarete orain. Badakit ez dudala botererik, baina berriro konektatzeko agintzen dizut. Zuk zeure buruari agindu arte, nire lana da.
Badakit orain ez zarela konturatzen egin dezakezunik. Baina badakit gutako bakoitza gai dela hori egiteko. Uste dut tresnak eraiki ditugula eta behar bezain ondo ulertzen ditugula, eta harremanak behar besteko indarrarekin eraiki ditugula, orain egiten hasi ahal izateko.
Hori egin dezakezula erabakitzen lagunduko dizu. Frogarik gabe erabaki behar duzu. Erabaki behar duzu egia izatea nahi duzulako. Eta gero lan egin gutako gogamen bakoitzean egiaztatzeko.
BORROKA HONI AURRE EGIN ETA SAIATU
Norbaitekin lan egin nahi dut borroka honi aurre egiteari buruz. Ez zait gehiegi axola zer gertatuko den haiekin lan egiten dudanean. Nire helburua ez da nahitaez arrakasta izatea; nire helburua da norabide horretan saiatzen ikastea. Hor dago orain gure borroka. Saiatzea erabaki behar duzu, gertatzen dena gertatzen dela. Zure gogamena da. Zeu zara erabaki dezakeen bakarra. Eta zuk horrelako gauzak erabakitzeko ahalmena duzu.
Ziurtatu nahi dut ulertzen duzuela hori guztia posible dela, eta gure gizarteetan oso gutxik esaten dutela posible dela. Mende askotako estutasunen aurka joan behar dugu. Estutasun horiek gure gizarte guztietan txertatuta daude orain.
Beraz, proiektu handia da hau guztia aldatzea. Eta egin dezakegun zerbait da. Eta egin dezakegu, badakigulako nola eman sarbidea asaskatzera mundu guztiari. Eta jendea asaskatzen hasten denean, gauzak bere kabuz pentsatzen eta konpontzen hasten da. Eta gai bihurtzen dira beren kabuz pentsatzeko eta gure gizarteetako estutasunei aurre egiteko. Jende guztiari eman behar diogu asaskatzeko aukera.
Jende askok uste du egiten duguna baino askoz azkarrago egin beharko genukeela. Baina gogoratu behar da gizakiak milioi laurden bat urtez egon direla asaskatze handirik gabe, eta ziur aski orain milioi erditik gora pertsonak erabiltzen dutela prozesu hori. Ez da lorpen txarra hirurogeita hamar urtetan.
Hori ondo egiteko, gure adimenean konfiantza izaten eta zapalkuntzaren aurka egiten jarraitu behar dugu, baina ez da erraza, oraindik estutasun asko geratzen baitzaigu asaskatzeko. Nora joan gaitezkeen jakiteko eredu on bat edukitzeko bezain ondo pentsatu dugu. Eta eredu horri jarraitzeko, gauzak erabakitzeko dugun ahalmena erabili behar dugu.
Gogoratu behar dugu gauzak egiten saiatzen garenean eta porrot egiten dugunean, ez dela hondamendi bat. Baliteke porrotaren grabaketa guztiak birsubermatzea berriro, baina porrota baliagarria ere izan daiteke, asaskatu ahal badugu eta hartatik ikasi eta berriro saiatu.
Uste dut, une honetan, garrantzitsuena gogamena ez erabiltzeari uko egitea dela. Ez dezagun amore eman eta ez ditzagun gure estutasunen sentimenduak jarraitu, ezta gizartearen zapalkuntzak ere, baizik eta gogoan izan dezagun beti pentsatzeko eta erantzun distiratsuak, berriak eta onak aurkitzeko gaitasuna dugula. Eta hori ekintzara eramateko lehenengo puntuetako bat da bakarrik eta isolatuta egoteari uko egitea.
Hemen aurrez aurre egongo bagina, isolamenduaren aurka borrokatzen duten guztiei eskatuko nieke eskua altxatzeko. Eta ingurura begiratu eta esku horiek guztiak altxatzen ikusi ahal izango nituzke. Jaso esku elektronikoa, eta gero jarri galeriako ikuspegia. Ikusi behar duzu hau ez dela zutaz edo zure porrotaz. Hori da denoi gertatzen zaiguna gizarte hauetan.
Guztioi gertatzen bazaigu, ezin da zure errua izan, ez zara hain boteretsua. Gure gizarteen parte bihurtu den estutasun bat izan behar du. Estutasun bat baldin bada, gainetik kendu dezakegu. Baliteke belaunaldi bat edo bi behar izatea. Baina baliteke birbiloba bat edukitzea, zu bezala bakarrik egongo ez dena. Ezin dut imajinatu nolakoa izango litzatekeen horrelako bizitza bat.
Nolakoa izango litzateke bizitza horrelako hogei pertsona soilik baleude? Elkarrengandik inoiz isolatuko ez zirenak, beti zekitenak beste hemeretzi pertsona daudela haiengana joan eta haietaz arduratzen direnak? Beti izango zituztela pertsonak beren pentsamenduak partekatzeko modukoak? Horretara jo behar dugu eta ikusi noraino eraman ditzakegun gauzak norabide horretan.
Hara iritsi nahi badugu, lan hau egin behar dugu. Ezin gara hemen bakardadean eseri eta itxarotea birbiloba hori isolatuta ez egotea. Lan hau nola egin pentsatzen hasi behar dugu.
Lan hau zurekin egiteko irrikan nago, eta ikusiko dugu noraino iristen garen. Eta lan horren zati bat desatsegina dela sentituko dugu gauzak hain gaizki zeudelako. Eta pauso bakoitza dibertigarria izango da, elkarrengandik gertuago egongo garelako.
Artikuluaren jatorrizko izenburua: Fighting Isolation
Present Time-n argitaratuta: 218. zk., 2025eko urtarrila
Itzulpena: Juan Gabriel Urriategi
Euskal Herria