EBren konpromisoa LGBTQ+ askapenarekin

Elkar Entzutearen bidezko Berrebaluatzeak (EB) zapalkuntza guztien aurkako konpromiso irmoa izan du beti, baita LGBTQ+ jendeak pairatzen duenaren aurka ere. Hasieratik EBk sustatu ditu lantegiak, eskolak, laguntza taldeak eta argitarapenak LGBTQ+ jendearen inportantzia nabarmenduz eta beraien kontrako zapalkuntzari buru egin eta desagerraraz dadin denok engaiatzeko garrantzia aldarrikatuz.

Era berean, lan handia egin dugu pertsonekin beren sexu-bizipen inguruan, goiztiarrenetatik hasita –fardel aldaketa arduragabetik– abusu-bizipen ikaragarrietara. Lan horren ostean garbi geratu zitzaigun gehien-gehienok zauri latzak pairatu izan ditugula gure gorputzen, sexualitatearen, gertukotasunaren eta harremanen arloan. Baita ere, garbi agertu zitzaigun gertaera horiek jazo zitzaizkigula sexualtasunaz eta gertukotasunaz erabakiak hartu ahal izateko gauza izan baino lehenago.

Gure Erkidegoaren historiaren hasieran presioa egin zaigu homosexualitatea, zehazki, “arrazionaltzat” aldarrika genezan. EBn zerbait arrazionaltzat jotzeko zera behar da: bizipen mingarrien eraginik gabekoa izatea. Gure ibilbidean, ordea, argi agertu ohi da inortxoren sexualtasuna ez zegoela bizipen zaurgarrien eraginetatik libre. Horrexegatik, orduko gure Nazioarteko Erreferentzia Pertsona Harvey azaldu zen homosexualitatea (edo beste ezein sexualitate-era) arrazionaltzat aitortzearen aurka.

Gure egungo jarrera da jende osoari adore ematea bere sexuarekin eta sexualitatearekin zer ikusia izan ditzakeen oroitzapen guztiez lan egin dezan. Uste osoa dugu denok dugula eskubidea erabakitzeko norbere sexuaz, sexualitateaz, generoaz, harremanez, gertukotasunez eta norberari lotutako guztiaz. Halaber, jendeak min latzak hartu izan ditu arlo honetan. LGBTQ+ jendearen zapalkuntza berez lazgarria da, batik bat gazte jendearekikoa, eta jende guztia bultzatzen du gizartearen genero-rol eta -portaera zurrunetara “egokitzera”. Guk nahi dugu norberak benetako gaitasuna izatea gai hauei buruz malgutasunez pentsatzeko eta erabakitzeko beretzat zentzuzkoa dena.

Harvey-k beti erakutsi zigun hasiera-hasieratik pertsona oro errespetatu behar dugula gaur egun den bezalaxe eta zapalkuntza orori buru egin behar diogula. Hortik aurrera, uste dugu nork bere historia kontatzeko eta bere kasa pentsatu ahal izateko tokia eta segurtasuna behar ditugula denok.

Tim Jackins

­Seattle, Washington, AEB

Artikuluaren jatorrizko izenburua:
“RC’s Commitment to LGBTQ+ Liberation”

Present Time-n argitaratuta: 205. zk., 2021eko urria

Itzulpena: Iñaki Kasares

Euskal Herria


Last modified: 2023-04-15 09:24:12+00