"Nire erabakia da bizitza ahalik eta hobekien bizitzea"

COVID-19 gaitzaren bigarren uhinean maite ditudaneko asko galdu izan ditut, eta emaztea ere ia galdu nuen, hiletetako batetik zetorrela kamioi batekin talka eginda. Halako batean, bi izeba eta bi anaia galdu nituen lau asteren buruan. Nire EB Erkidegoak norabide bakarreko saio-sorta bat antolatu zuen niretzat. Erantzuna izugarria izan zen. Hori bakarrik nahiko kontraesana izan zen asaskatzeari emateko. Harro nago erkide honetako kide izateaz.

Niretzako intentsibo horien antolatzaileak saioetan zehar eta ostean ere berarekin partekatutako zenbait berrebaluazio transkribatu ditu eta  horiek Present Time-n argitaratzeko baliagarriak izan daitezkeela iradoki dit. Hona hemen ba:

Aldatu ahal dugu geure buruan haurtzaroko esperientzien ondorioz instalatutako "gidoia".

Halako arrakala dago bizi nahi dudan munduaren, nire pentsamenduen eta lortu ahal dudala uste dudanaren artean.

Arrakala hori dela eta, konturatu naiz berriro idatzi behar dudala buruan grabatuta daukadan gidoia. Itzuli egin behar dut ni nintzen B gaztearengana eta orduan jaso ez zuen informazioa eman berari: "Ona zara, boteretsua zara eta maitatua zara".

Berarengana itzuli naiteke eta esan: "Beharbada, lurra jo zenuen toki horretan lurra jo izanaren arrazoia da, hantxe, zure gidoia berridatzi eta hau beste pertsona batzuekin partekatu ahal izatea". Gure gidoiak berridatzi eta munduaren ardura hartu ahal dugu. Mundua nahastuta dago, kapitalismoa erortzen ari da, COVID-19ak gure komunitateak suntsitzen ditu. Gu, EB, baliabide bat gara; guk badugu besteek ez duten informazioa.

Ezin dugu txikira jokatzen jarraitu. Den-denok daukagu aukera aldea eragiteko, lidergoa hartzeko.

Motibatuta sentitzen naiz. Ez dut zalantzarik ona dela bizirik egotea. Pozten naiz bizirik egoteaz. Zendutako nire ahaide guztiak niri begira ditut. Ez dira tristeak hil direlako. Pozik daude ni bizirik nagoelako, ni adoretzen dabiltza. Nire ama oso pozik dago, nik egoera honetarako konponbidea asmatuko dudan esperantzaz eta gorazarrez. Hegan egiteko egina nintzen; hegan egin ahal dut. Nahikoa maite ninduen. Jakin izan balu zelan egin, gehiago egingo zukeen, gehiago lagunduko zidakeen, aski egokia naizela esango zidakeen, maitatua naizela.

Aita ez dago nirekin haserre. Nire gogoan, berak ere laguntzen nau. Ez dago triste elkarrekin izan ez genuen loturagatik. Luzaroan egon nintzen berarekin haserre. Nahikoa eman zidan adore hartzeko eta bizitzeko. Haserre nengoen ez zegoelako han. Amonak asko irakatsi zidan. Horri esker errazago ulertu ahal izan nuen nire inguruko jendea zela nahastuta zegoena.

Beharrezkoa da gure gidoiak berriro idaztea. Ez dit gehiago balio gidoi zaharrei eusteak. Baina horrek eskatzen du irmoki sinistea errealitate onbera egia dela gu guztiontzat. Eta behar besteko borondate edukitzea atzera egin eta  orduko umeari erakustea errealitatearen onbera bene-benetakoa dela, berak pairatu zituenak pairatuta ere.

Dolumina prozesu etengabea da. Mina sentitzen dut lehengo eta oraingo heriotzengatik, hala ere bizitzak aurrera jarraitzen du.

Bizirik nago, ona da bizirik egotea. Eta erabakitzen dut nire bizitza ahalik eta hobekien bizitzea.

B–

Eswatini

Artikuluaren jatorrizko izenburua: I Choose to Live My Life to the Fullest

Present Time-n argitaratua: 203. zk., 2021eko apirila

Itzultzailea: Iñaki Kasares

Euskal Herria


Last modified: 2022-12-13 23:28:53+00