ITXAROPENA

 Zenbat eta lan gehiago egin klima-larrialdian orduan eta argiago ikusten dut zein garrantzitsua den itxaropena izatea.

Klima-aldaketarekin egoera kaskarrean gaude eta berri txar gehiago etortzen dira, zergatiei ekiten ez diegun bitartean. Erronka asko dugu aurrean eta esparru askotan  lan egin behar dugu aldi berean. Berehalako neurriak hartu behar ditugu gure espeziaren epe luzeko iraupena bermatzeko. Aurkakotasun handia dago ekimen funtsezkoak egitearen kontra. Askoz jende gehiago behar dugu gurekin. Erronka pila bat dago, gure estutasunak kontuan izan gabe ere!

Egoera txarra da, eta krisi anitz ari da gertatzen garai berean. Zorionez, modua ere badugu jende asko elkartzeko eta aldaketaren aldeko aukera ugari eragiteko. Jendea erantzunen bila dabil, eta ideia berriak kontuan izateko prest dago. Gure gogamenak erronka honetan engaiatzea nahi dugu, eta ditugun aukerez pentsatzea. Hori ondo egiteko itxaropentsu izan nahi dugu. Itxaropen ezak eta etsipenak nahastu egiten gaituzte eta gure pentsamena lausotzen dute. Erabaki dezakegu ekitea itxaropentsu sentituta edo ez (eta zentzuzkoa da horrela ere egitea), baina itxaropentsu sentituta ekiten badugu gure adimen osoa erabili ahalko dugu, eta, era berean, beste pertsona batzuei lagundu ahalko diegu antzematen lehen ikusten ez zituzten aukerak.

Hurrengo urteetan gure itxaropena tresnarik eraginkorrenetakoa izango dugulakoan nago. Klimaren egoerak txarrera egingo du; bederen, denbora batez. Ez gaitzala birsubermadurak gida. Itxaropena berreskuratzeko garaia dugu.

Esan (ikus) dezaket itxaropentsu izatea zentzuzkoa dela. Errealitatea onbera da. Bizia dohain zoragarria da eta bere milioika aldaera dira planetan. Gizakiok maitatiak, laguntzaileak, adimentsuak eta adore handikoak gara izatez. Egunero-egunero, ontasun-, maitasun- eta laguntza-egintza ikaragarri asko gertatzen dira.

Nago itxaropentsu egotea izatezkoa dugula. Beharbada, Harvey Jackins-ek “zest” izendatu zuen horren parte bat da hori. Jakin badakit gazteagoa nintzela askoz ere itxaropentsuago nengoela. Lan handia egin behar izan zuten nire itxaropena zapaltzeko. Berreskuratu egin nahi dut.

Klima-larrialdia geuk sorturiko arazoa da, beraz geuk konpondu ahal dugun arazoa izan behar du. Gainera, jakin badakigu zer egin behar dugun konpontzeko, zin-zinez, eta egin ahal dugu. Piskat trabatuta gabiltza dakizkigun konponbide on horiek abian jartzeko orduan, besterik ez.

Maite dut Tim Jackins-ek “Etsipena beti da zaharra” artikuluan  (Present Time, 2007ko uztaila) aipatu zuen zerbait: zer behar dugu itxaropentsu egoteko? Uste dut bi gauza besterik ez dugula behar: bata, bizirik egotea; bestea, pentsamena. Bi ezaugarri horiek edukita, baditugu posibilitateak. Ederra da baliabide itzelak eta aliatu ugari edukitzea. Zoragarria da. Baina benetan, edozein egoeratan behar dugun bakarra da gure gogamenek pentsatu ahal izatea gertatzen ari denari buruz. Horrela bada, jakin dezakegu zer den egingarria eta ahal ditugun urratsak egin, eta horietan oinarrituta eraiki, behin eta berriro. Beti egoten dira posibilitateak.

ITXAROPENA BERRESKURATU ETA HARI EUSTEA

Sasoi gogorretan ere itxaropena berreskuratu eta hari eutsi diezaiogun nahi dut. Hori egiteko ondokoa egin dezakegu: 

  1. Lan egin gure etsipenaren eta adorerik ezaren sentipenen sustrai goiztiarrenetan. Timek azaldua du zelan egin dezakegun hori.
  2. Arreta jarri orainaldiko gertaera itxaropentsuetan. Beti gertatzen dira zer esperantzagarriak, nahiz eta batzuetan bilatu egin behar ditugun. Horiek gure saioetan erabil ditzakegu etsipen-sentimenduak kontraesateko eta asaskatzeko.
  3. Albiste txarrekiko eta ezkorkeriarekiko atxikipenetik arreta kendu. Gutako batzuek albiste txar berberak behin eta berriz irakurtzera jotzen dugu, ez informazioa lortzearren, baizik-eta asaskatu behar ditugun estutasun-grabaketek horretara bultzatzen gaituztelako.

Ez dugu itxurarik egin nahi, gauza larriak gertatzen ari ez bailiran, edo guztiz seguru baikinan  krisiei konponbidea aurkituko diegula. Gertaera latzak ari dira jazotzen eta, zinez, ez dakigu zelan aterako diren gauzak edo zer gertatuko den. Baina horrek ez du esan nahi lurra jo behar dugunik; hori beste arrazoi bat da pentsatzen eta gainontzeko gizakiekin elkartzen jarrai dezagun.

Albiste txarrak entzun eta birsubermatzen garenean, asaskatu dezakegu, gure estrategiak egoera berrira egokitu, erabaki zentzuzkoak hartu, ikuspegi esperantzagarria berreskuratu eta gure bizitzarekin jarraitu.

Beti da zentzuzkoa ikuspegi esperantzagarriari eustea. Baliteke asko asaskatu behar izatea, baina hori ere ondo dago (edozelan ere ez zenuen nahi estutasun horiek zugan jarraitzerik). Erabaki ezazu beti itzultzea itxaropenera, ez gera etsipenean edo adore gabezian. Itzul zaitez itxaropenera. Trabatuta geratzen bazara, laguntza eskatu. Elkarri lagundu beharko diogu honetan; beraz, euskarria bilatu ezazu kateatuta geratzen zarenean. Ikas ezazu etsipen sentimenduak estutasuntzat ikusten, eta ez munduaren berezko egoeratzat.

Etorkizunari itxaropentsu begiratzea guztiz ezinbestekoa da klimaren aldeko EBlarientzat. Jende gehienak etorkizunean itxaropena behar du ekiten hasi ahal izateko. Mintzaira itxaropentsuak, ikuspegi esperantzagarria agertzeak eragin dezake jendea gugana erakartzea eta aurrerapenerako aukerak sortzea.

ITXAROPENARI EUSTEKO ZENBAIT ARRAZOI

Aurreko bigarren puntuaz asaskatzeko lagungarria izan daiteke itxaropenari eusteko norberaren arrazoi zerrenda egitea. Ondokoa duzue neurearen zati bat, Estatu Batuetako biztanlea izanik:

  • AEBetako haustezkundea! Lortu egin dugu! Googor egin genuen lan klima-larrialdia ukatzen duen administrazioa kanporatzen.
  • Biden presidentea klima-larrialdiari buruzko neurri andana hartzen ari da, nik espero nuen baino askoz ere gehiago! Aurrerapen handiak dira AEBentzat eta munduarentzat: erregai fosilentzako diru-lagunzarik ez, inbertsio handiak energia garbietarako eta lanpostu berdeetarako, petrolio-zundaketa gehiagorik ez lurralde federaletan, “metanoaz arazoa” dugula aintzat hartzea, amerikar bertako emakumezko bat Barne Idazkari izendatzea, arrazakeriaren aurkako justizia lantzea, eta gehiago.
  • Klimaren aldeko mugimendua sekula baino indartsuagoa da eta mugimenduarekin bat egiten ari diren gazte kopuru handiak are sendoagoa egiten du.
  • Aurrerapen garrantzitsuak ari dira gertatzen energia berriztagarrien esparruan: General Motors elektrikoa izango da 2035erako, ur-gaineko eguzki panelak, energia berriztagarrien prezioak jaisten darrai eta baterietarako teknologia berria sortu da.
  • Jende gehiena jakitun da klimaren aldaketa arazo dela, eta baliabideak inbertitu nahi ditu esparru horretan. Berriki egindako inkesta baten, bi herenek klimarena “larrialditzat” jo zuten.
  • Klimaren aldeko finantziazio aukera berriak daude Covid19aren ondoko ekonomiaren suspertze planen baitan. Suspertze ekologikoaren alde ari gara lanean.

Zer asaskatu behar duzu zuk esperantzarekin bat egiteko? Zeintzuk gertaera esperantzagarri ari dira gertatzen zure inguruan?

Maitasunez eta itxaropenez

Diane Shisk

Ingurumenaren zaintzarako

Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

Shoreline, Washington, AEB

Ingurumenaren zaintzarako erakusleen EB posta elektronikoko eztabaida-zerrendatik hartua

Artikuluaren jatorrizko izenburua: Hope

Present Time-n argitaratua: 203. zk.,  2021eko apirila

Itzultzailea: Iñaki Kasares

Euskal Herria


Last modified: 2022-12-13 23:23:42+00