Nire lehentasunak

Duela gutxi entzun nion Timi esaten gure borrokak urte gutxi barru amaituko balira, zentzua izan zezakeela gure energia guztia konponbideak aurkitu eta aplikatzean murgiltzeak. Baina ez dugunez uste hori denik egungo egoera, gai izan behar dugu gure pentsatzeko moduari eta ahaleginei denbora luzeagoan eusteko. Gure estrategiaren zati bat geure burua zaintzea eta indartzea izan behar da, epe luzeagoko borrokarako.

Pentsakor gelditu nintzen: “Baina zer gertatzen da klima-larrialdiarekin? Timek iradokitzen duena izan beharko luke gure estrategia?, badakigunean bost eta hamar urteko epea besterik ez dugula aldaketa garrantzitsuak egiteko edo, bestela, ondorio arriskutsuei aurre egin beharko diegula, nola prebenitu ez dakigunean”. Horri buruz galdetu nion Timi, eta biok hitz egin genuen. Asaskatu dut, gehiago pentsatu dut horretaz eta hemen partekatzen ditut nire ideiak.

GEURE BURUA ZAINDU BEHAR DUGU

Nire lehenengo berrebaluazioa honako hau da: zerbait egin behar dela jakitea, geure onerako izanda ere, ez da beti nahikoa gure estutasunen aurka mugitzeko. Krisian egoteak eta datozen bost edo hamar urteetan egiten dugunak erabaki dezakeela etorkizunean gizakiak existituko diren edo ez, horrek ez digu ematen gaitasun gehiago gure estutasunen aurka mugitzeko. Madarikazioa, hala izatea espero nuen.

Horregatik, oposizio handi baten aurkako etengabeko borroka hasten dugunean, erritmoari eutsi eta geure burua zaindu behar dugu. Borroka handi batean egongo gara luzaroan.

Pertsona bakoitza garrantzitsua da. Gure bizitza bakoitza garrantzitsua da. Eta gure gaitasuna garatu nahi dugu, ez erreta gelditu [ahituta eta etsita]. Praktikan, epe luzerako estrategia da bideragarri bakarra. Mundu mailako mugimendu bat eraiki behar dugu. Ezin dugu jende ona galdu ahituta bukatzen dutelako. Eta jende asko erakarri behar dugu guregana eta gure mugimendura. Hori ez da gertatuko ezin badiegu erakutsi haien bizitza pertsonalaz arduratzen garela. Ezin dugu espero gurekin bat egin eta lan egingo dutenik gure helburuetan, oso garrantzitsuak eta unibertsalak izan arren.

Gutako gehienontzat, estutasunaren aurkako kontraesan handia da norbaitek esaten duenean garrantzitsua dela egiten duguna, modu garrantzitsuan lagundu dezakegula helburu garrantzitsu bat lortzen. Jendeari horrelako proiektu handi batean parte hartzeko aukera ematea garrantzitsua da bere berrebaluaziorako eta askapenerako, eta hori egin nahi dugu. Baina haien buruaz, haien familiaz eta EB Erkidegoaz ondo pentsatzeari utzi gabe.

HIRU GAUZEN ARTEKO OREKA

Hiru gauza orekatu nahi ditut:

1. Ni neu, nire familia, nire osasuna, nire bizitza

2. EB Erkidegoa

3. Munduan lan egin gauzak konpontzeko [zuzentzeko]

Gutako bakoitzak gure egoeraz asaska dezake eta aipatutako arlo bakoitzerako zenbat arreta dugun kalkula dezake.

Gehienok zauri handiak ditugu arlo horiei buruz ondo pentsatzeko. Baina hori da nolanahi ere asaskatu behar dugun material (estutasun) goiztiarra. Bizitza hau orekatuta bizitzeko, nahasten eta mugatzen gaituzten borroka goiztiarretan lan egin behar dugu –isolamendua, beldurra, etsipena, ezintasuna, estutasuna, hutsaltasun-sentimenduak– eta horien aurka egin hiru arlo horietan.

Gure etsipen-sentimenduak ez dira soilik klima-larrialdiari buruzkoak. Gure bizitza pertsonalari, EBko Erkidegoari eta epe luzerako gure proiektu guztiei ere eragiten diete. Uste dut erabaki dezakegula aipatutako alorretako bat bera ere alde batera ez uztea, baina gehienok aldatu egin beharko dugu gure erritmoa edo gure lehentasunak, gauzak probatu eta asaskatu ahala.

EB ERKIDEGOA ERAIKI

Ez dut uste nahi bezain aldaketa handirik egin dezakegunik asaskatu gabe. Beraz, EB Erkidegoa eraikitzen jarraitu behar dugu. EB Erkidegoaren baliabideak behar ditugu gauzak zailtzen direnean burua argi edukitzeko. Eta EB Erkidegoa behar dugu jendeari asaskatzeari buruz erakusteko, klima-larrialdiaren konponbidearen parte baita.

Gure erkidegoko kideak EBtik kanpo jardutera animatzen ditugunean, gure baliabide kolektiboak kontuan hartu behar ditugu. Jendeari ez diogu hainbeste eskatu nahi, nahastera iritsi eta Erkidegoa eraikitzetik edo bere osasunean eta familian ondo pentsatzetik aldentzeraino.

Gure bizitzaren oreka zailtzen duten estutasunak asaska daitezke. Hori guztia hain zaila egiten duen material goiztiarra gehiago asaska dezakegu eta asaskatuko dugu, eta kontuan izan ditzakegu banakakoaren eta Erkidegoaren mugak, baita horiei buruz asaskatzen ari garenean ere.

Lan hau –klima-larrialdiari amaiera emateko modu iraunkor eta eraginkorrean jarduteko modua aurkitzea, eta beste batzuei beraiena aurkitzen laguntzea– da gaur egun nire lehentasuna.

Diane Shisk

Ingurumenaren Zaintzarako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

Shoreline, Washington, AEB

Artikuluaren jatorrizko izenburua: My Priorities

Present Time-n argitaratuta: 212. zk., 2023ko uztaila

Itzulpena: Juan Gabriel Urriategi

Euskal Herria


Last modified: 2023-11-10 20:24:05+00