Aurrera Jotzea Garai Nahasietan

Tim Jackins-en hitzaldi batetik hartua, 23ko apirilean EBko Askapenetarako Nazioarteko
Erreferentzia Pertsonentzako eta Komuneko Zapalketen Askapenerako Nazioarteko
Erreferentzia Pertsonentzako egindako bileran emana

Gutako elkar-entzule asko, estutasunak asaskatu ahala, ohartu gara berreskuratu ditugun gaitasun eta ikuspegiak oso baliotsuak izan daitezkeela gure gizarteen aldaketan parte hartzeko. Ulertua dugu gizakiok estutasunen eraginetatik askatzeko aukerak sortzeko ez dela nahikoa asaskatzeko abaguneak sortzea; baizik-eta eraldaketak eragin behar ditugula gure gizarteetan, estutasunak eta zapalkuntzak irautea galarazteko.

NORK BERE MUGEI ERRONKA EGITEA

Horrela, gutako asko engaiatu eta ekin egiten dugu, besteekin hitz eginez, protestetan parte hartuz etab, honek guztiak gure gizarteen funtzionamenduan aldaketak eragingo dituelako esperantzaz. Horretarako, grabaturiko gure estutasunei buru egin behar diegu. Horrek nahasmena sortu eta hainbat sentimen birsuberma ditzake: txikitasuna, ahalmenik eza, garrantzi gutxi izatea, isolamendua, adore falta, eta gehiago. Aspaldi grabaturiko sentimenok zaildu egiten dute aurrera egiteko bide egokiak antzematea eta, beste faktore batzuekin batera, gure gizarteek irauten ahalbidetzen dute, nahiz eta argi eta garbi egon gizarte horiek ez direla gai ezta herritarrei bizimodu ona bermatzeko ere.

Aukera dugu pentsatzeko zer den gaur egin ahal dugun onena, iraganeko gertaerei eta asaskatu gabeko sentimenei jaramonik egin barik. Sentimen horiek aldatu egiten dira asaskatzearen bitartez, zeure buruari hainbatetan erakutsi diozunez. Baina estutasunek gugan zein geure gizarteetan duten eraginari akabera zinez ematen hasteko beharrezkoa da gure orainaldiko jarduera ez izatea iraganeko estutasunen araberakoa. Erabaki ahal dugu era berrietan pentsatu eta jokatzea.

Dagoeneko gutako askok erabakia dugu jokatzea grabaturiko estutasunen kontra, eta gure jendarteak aldatzearen alde dihardugu aktiboki. Ez dugu ezin hobeto egiten, baina gai gara helburu horietarantz gero eta hobeto ibiltzeko, asaskatzen eta adimen sorta zabalago batekin bizipen, informazio eta harreman berriak eskuratzen jarraitzen dugun heinean.

Estutasunak edukita ere gero eta hobeto dihardugun arren, oraindik ere estutasunok nahasarazi gaitzakete. Gutako askok larridura gorria sentitzen dugu. Beste askok erabakitasun handia dugu, baina erabakitasun horren oinarrian estutasun-moldeak daude: aurrera jotzen dugu itsu-itsuan grabaturik dugun adore gabeziari iskin egitearren. Hainbat estutasunek zaildu egiten digute gure pentsamenduak besteei azaltzea edo aldaketaren aldeko mugimendu zabala eratzeko beharrezko diren harremanak eraikitzen.

GIZARTE-KOLAPSOA

Gure gizarteek arazo latzak dituzte funtzionatzen jarraitzeko. Gero eta zailagoa dute hori ezkutatzea. Gizarte ereduak iraunarazteko hartzen dituzten neurri zapaltzaileak gero eta garbiago azaltzen dira. Bizimodua gero eta gogorragoa da planetako jende gehienarentzat. Jende andana hiltzen da eta gatazka armatuak ugari dira. Hau guztia gertatzen da gizarteak oinarritzen direlako jendearen esplotazio eta hertsaduran, baita horiek eragiten dituzten estutasunetan ere.

Badirudi ez dagoela behar adinako indar arrazionalik gure jendarteen kolapsoa geldiarazteko. Gu mina eta sufrimendua arintzen ahalegindu gaitezke, baina ezin ditugu ekidin. Horren pena sentitu eta asaskatu beharra dugu argitasunez pentsatu ahal izateko egoera zelan aldatu, horretarako abagunea sortzen denerako.

Aldaketa handiak egingarriak dira kolapso garaian ere, eta guri prest egotea dagokigu aldaketok norabide ahalik eta gizakoien eta arrazionalenera bidera daitezen. Nahiz eta oso zaila den egoera horiek geuk bakarrik sortzea, lan egin dezakegu prest egoteko aukerok sortzen direnean eraginkortasunez parte hartze aldera. Zeintzuk izan daitezke horretarako modu batzuk?

GEURE BURUARI ETA BESTEEI EUSTEA

Lan hau epe luzerakoa da, eta geure buruari zein besteei luzaroan eusteko moduan izan behar dugu. Itsu-itsuan egiten ditugun epe laburreko ahaleginak, etsian eta ahituta uzten gaituztenak, ez dira eraginkorrak izaten. Gainera, ez dira egokiak beste batzuk erakartzeko edo errealitatearen berri emateko. Bizimodu ona izan behar dugu, gozagarria -ez nahitaez erosoa-, eta gure familietan eta gure beste harremanetan pentsatzeko gai izan behar dugu. Pentsa dezakegu zelan zaindu eta indartu geure burua.

Bizitzaren hastapenetik datorkigun besteengandik urruntzeko joerari aurre egin diezaiokegu. Estutasun goiztiarrak direla eta, gutako askok jendeari muzin egiteko molde bat garatu dugu, honek inguruan dugun eta mundua norabide arrazional eta gizatiarretan mugiarazi dezakeen hainbat jenderi jaramonik ez egitea dakar.

Egoera aurrera egiteko bidean eginkizun egokia jokatu nahi badugu, ahalegina egin beharko dugu garbi-garbi ager dadin gure iritzian gizaki orok baduen gizatasuna. Beste pertsona askori buruz pentsa dezakegu eta, isolamendu-edo adorerik ezaren molde zaharrak direla kausa, haiei ezikusiarena egin edo haiei buruz ez kontziente izan ordez, erabaki dezakegu haiekin zelako hartu-emanak eraikitzen saiatu nahi dugun, txikiak ala handiak.

Uste dut bizirik atera ahalko garela gizarte-kolapso honek dakarzkigun egoera larri eta arriskutsuetatik, baita klima larrialditik ere. Uste dut baliabide zoragarriak garatu ditugula gure burua askatzeko asaskatu gabeko iraganeko estututasunek eragiten dizkiguten mugetatik. Zenbat eta gutako gehiagok erabaki eta ekin grabaturiko sentimen horien eragina mugatzeko, sentimenoi aurre egin eta asaskatzen ditugun bitartean, orduan eta azkarrago eta eraginkorkiago izango gara gizarte denontzako bidezkoagoak eraikiko dituen mugimenduen parte.

Tim Jackins

Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

Artikuluaren jatorrizko izenburua:
Moving Forward in Confusing Times

Present Time-n argitaratuta:
212. zk., 2023ko uztaila

Itzulpena: Iñaki Kasares
Euskal Herria


Last modified: 2024-05-01 18:33:08+00