EBko Lidergoa garatzen jarraitzea

Tim Jackins-en hitzaldi batetik hartua Aotearoako eta Australiako Munduko Aurrekonferentzia, 2022ko otsailean

EBn uste osoa dugu giza-gogamen oro guztiz gai dela egiteko beste giza-gogamen batek egin ahal duena, eta adimenen artean alderik balego, neurgaitza litzatekeela hori, hain litzateke-eta txikia aldea. Honek esan nahi du den-denok garela lideratzeko gauza.

Lidergoari buruz pentsatzeko eta hura definitzeko modu propioa dugu. Horiek EBtik kanpo egiten direnak ez bezalakoak dira. Guretzat lideratzea da EBko erkideen pentsamendurik onena jasotzea eta erabakitzen laguntzea zein den hartu beharreko biderik onena. Eta sinetsita gaude den-denok garela gauza hori egiteko.

Kide batek EBn lideratu ahal izateko, asko jakin behar du EBri buruz (oraindik ere ikasten gabiltza; esate baterako, asaskatzeari buruz). Jende asko entzuten eskarmentua behar du. Izan ere, ez dugu ondo ulertzen zer den EB, luzaroan beste jende asko entzun ez badugu eta beste jende asko gure entzule izan ez bada. EBn liderra izateko esperientzia hori behar dugu. EBko lidergoaren ideia ere ulertu behar dugu (arestian laburki azaldu duguna). Horretaz gain, gai zan behar dugu beste pertsona batzuek birsubermatzen gaituzten eremuetan lan egiteko, zeren gure eginkizuna gure Erkidegoetako guztiak lideratzea baita, baita birsubermatzen gaituztenak ere.

Beti pentsatu izan dut EBn lidergopostu garrantzitsuena EBko irakasle izatea dela. Erreferentzia Pertsona gisa egiten duguna garrantzitsua da noski, baina EB irakasleak hartu-eman zuzenak izaten ditu jende berriarekin. Jende berriari EB irakastean ohartzen gara EBz ez dakigula uste genuen bezainbeste. EBko oinarrizko eskolak irakasten dituztenek sakonago berrikasten dute EB.

EGINKIZUN BERRI BAT ERREFERENTZIA PERTSONENTZAT

Gure erreferentzia-postu guztiak garrantzizkoak dira. Beharrezkoa dugu jendea egotea haietan. Aldi berean, arazo bat dugu postu horiekin. Jendeak izugarri ikasten du bertan diharduenean, eta gero eta hobeto egiten du lana. Ez dirudi horrek etenik duenik. Horrela ez balitz, motiboa izango genuke jendea postu horietatik kentzeko. Beste talde batzuek horixe egiten dute haien liderrak txarto jarduten hasten direnean. Guk, ordea, asaskatzen jarraitzen dugunez, arduradunak ordezkatzeko bestelako prozesua dugu.

Hala eta guztiz ere, zentzuzkoa liteke Erreferentzia Pertsonek postu horiek uztea. Bi arrazoi bururatzen zaizkit: bata, beharrezkoa dugula jende gehiagok arduretan aritzeko erronkari ekitea; biga, orain dela gutxi arte antzeman ez dudana, beharrezkoa dela eskarmentudun

liderrek EBko jende berriarekin hartuemanak egitea.

Erreferentzia izanik luzaroan, EB ondo baino hobeto ezagutzen dugu. Asaskatze eta berrebaluatze prozesua ulertu eta hartaz fidatzen gara. Bidea jorratu ahala, geroago eta sendoago (trebeago) egiten gara. Baina, aldi berean, Erreferentzia Pertsona izateak gure Erkidegoen lehen lerrotik aldentzea ere ekar lezake. Beraz, ikusi nahi dut ea zer gertatzen den gutako batzuk jartzen bagara jende berriarentzako eskuragarriago egongo garen tokietan.

Bestetik, Erreferentzia Pertsonak beren ardurak utzi eta askoz geroago ere bertan egotea nahi dut. Gura dut gutxienez bost urtez haiek egondako arduretara igaro diren kideei euskarri eta aholkuak emateko moduan egon daitezen.

Erreferentzi Pertsona izatea lan interesgarria da. Bestela ere ikasiko ez genituzkeen gauzak ikasten ditugu horrela. Horrelako arduretan egoteak bultzatzen gaitu geurez egingo ez genituzkeen gauzak egitera. Ikasten dugu eta hazten gara. Beraz, badira arrazoiak postu horietan iraun nahi izateko. Ona da gure garapenerako.

Hainbat estutasunek ere hauspotu dezakete postu horietan jarraitu nahia, noski. Denok pairatutako minen ezaugarriek eraman gaitzakete 

sinistera nolabaiteko balioespenak gure estutasunak ezabatu edo, behintzat, tarte batean arinduko dituela. Hori ez da erreferentziapostuetan egoteko arrazoi egokia eta, beharbada, nolabaiteko eragina izan du guk arduretan jarraitu nahi izateko. Beraz, material hori landu beharra dugu.

Bestetik, egoera aldatzen ari da. Gutako asko aspaldi hasi ginen lideratzen, gizartean hainbeste liskar ez zelarik. Erreakzioaren indarrak ez ziren hainbeste saiatzen jendea birsubermatzen eta elkarren aurka jartzen. Lidergoa bestelako lana da egun, beraz.

Honako arrazoiak medio, erreferentzia postuetan zaudetenoi horietan jarraitzeari buruz pentsa dezazuen dei egiten dizuet. Eginkizun berri eta zirraragarria dut zuentzat. Erronka pixka bat handiagoa da. Asaskatzea zer den oraindik gogoratzen ez duen jendearekin lan egitea erronka bat da. Halere, gero eta hobeto egin behar dugu hori gizartea kolapsora heltzen den heinean. Gainera, pertsona berri batek ardura hori hartzeak Erkidegoari lider gehiago sortzeko aukera emango dio.

ALDAKETAK NAZIOARTE MAILAN

Nazioarteko Erreferentzia Pertsona (NEP) naizenez, Diane Shisk Nazioarteko Erreferentzia Pertsonaren Ordezkoarekin (NEPO) lan egiten dut egunero eta denari buruz egiten dugu berba. Ez da egunik Diane-n zerbait agertzen ez dena nire pantailan, nagoenean nagoela eta egin behar dudana egin behar dudala ere. Idatzizko mezuak elkarri bidaltzen, solasten, Zoom-ez eta Face Time-ez aritzen gara. Horrela jarduten gara, EB Erkidegoetan gauza asko gertatzen dira-eta.

Dianengatik ez balitz askoz atzeratuago genbiltzake EB Erkidegoak jorratzen ari diren kontu askotan. Zorionekoak gu, Dianek erabaki duelako bide hau urratzea eta bere bizitza hein handian EB

Erkidegoei eskaintzea. Gainera, NEPO lanak ez ezik beste hainbat modutan lideratzen du EBn, eta bi gauza ezberdinak dira horiek.

Diane hautatu nuen nire ordezko 1999an, aita hil eta hurrengo egunean, NEP bihurtu nintzenean. Bi urte geroago, Mundu Konferentziak berretsi gintuen NEP eta NEPO. NEPOren eginkizun nagusia da sasoi onean egotea, NEP ardurari heldu ahal izateko, hori beharrezkoa balitz. Horixe egin nuen nik hogei bat urtez ordezko jardun nuenean. Beste hainbat kontutan ere aritu nintzen EBn baina nire NEPO arduratik apartekoak ziren.

Dianek iradokita, elkarrekin eztabaidatu eta adostu dugu berak inoiz ez diola utziko EBn topera lan egiteari. Hala eta guztiz, uste dugu hurrengo Mundu Konferentzia une egokia izango dela beste pertsona batek hartzeko NEPO ardura, alegia, nik, edozein arrazoi medio, ezingo banitu NEP lanak egin, ardura hori bere gain hartuko lukeena. Luze eztabaidatu eta pentsatu dugu horri buruz.

Beraz, abuztuko Mundu Konferentzian (Zoom) eskatuko dut Teresa Enrico nire NEPO gisa onartzea. Berak nahikoa lan egin du nahikoa tokitan, beraz ia denok ezagutzen duzue. Badakizue zelan pentsatzen duen, zelan arduratzen den, zein integroa den. Ordezko pertsonak horrelako ezaugarriak behar ditu, eta berak baditu. Begirune handia diet Teresaren adimenari eta gaitasunari. Ez nintzateke kezkatuko harengatik NEPO arduran balego. Eta euskarria emango diot bost urtez NEP ardura utziko dudanez geroztik.

Gogora ekarri nahi dizuet azken Mundu Konferentzian adierazi nizuela 8 urte gehiago egongo nintzela NEP ardura honetan. Oraindik ere horixe da nire asmoa (nahiz eta oso garbi ez egon zortzi edo bederatzi urte izango diren, COVID dela kausa). Beste Erreferentzia Pertsona batzuei

iradokitzen ari natzaien bezala, nahi dut aurrera segi eta bestelako gauza batzuk egin EBn. Gainera, ez dut uste ardura horretan gehiago beharko nauzuenik bi arrazoirengatik: bata da Teresa bera eta, bestea, EB Erkidegoak hazten, hedatzen eta EB prozesua sakonago ulertzen ari direla. Gero eta gehiago gara adimena berreskuratzen ari garenok, gero eta hobeto funtzionatzen dugu, gero eta jende gehiagorengana heltzen gara eta gero eta Erkidego gehiago sortzen ari gara.

BIDE LUZEA EGINA DUGU

Nire aitak hil zenean utzi zion NEP ardurari, beraz ezin izan zidan lagundu ardura hori hartu nuelarik. Baina nik denbora luzea emana nuenez berekin oso ondo ezagutzen nuen haren gogamena. Egoera zorioneko eta ezohikoa izan zen.

Orain, pertsona berriek Erreferentzia Pertsonen kargua hartzen duten heinean, gaur egun funtzio horiek betetzen ditugunok haiek babesteko prest egon gaitezke. Uste dut hau dela ondo egiten ikasteko garaia. Denbora luzez, nire aita NEPa zenean, garrantzitsua zen eginkizun hori bete zezala. Sekulako zartadakoa izango zen egin genuena baino askoz lehenago galdu izan bagenu. Baina ordutik asko aurreratu dugu.

Eginkizun honetan betidanik lortzen saiatu naizena izan da jende gehiagok gauza gehiago egitea, jende gehiago erdigunera ekarri ordez. Hori eraginkorra izan da, zeren ekin eta lan egin baitugu. Beraz, ez dut uste proposatzen ari naizen aldaketa arriskutsua izango denik, inondik ere ez. Baliteke pertsona batzuk birsubermatzea baina ondo dakigu zer egin birsubermadurekin.

Artikuluaren jatorrizko izenburua: “Continuing to Develop RC Leadership” Present Time-n argitaratuta: 207. zk., 2022ko apirila Itzulpena: Iñaki Kasares Euskal Herria


Last modified: 2022-12-15 20:58:44+00