Pentsatu eta entzun

Tim Jackins-en hitzaldia, Klimari buruzko Helburu Bateratuaren gaineko lantegian, 2023ko abuztuan

 

Giza gogamenak hobeto egiten du lan beste gogamen baten arretarekin. EBn, asaskatze-prozesura iristeko erabiltzen dugu arreta. Izan ere, gure gizartean asaskatze-prozesua gaitzetsia denez, jendeak ez baitu berariaz eta sistematikoki asaskatzen baliabide gehigarririk gabe.

Elkar-entzule baten arretaz, asaskatzeaz gain, gure gogamenak askoz ere libreago eta zabalago pentsatu dezake. Besteren arretarik gabe ere pentsatu ahal dugu, baina gure pentsamenduetako asko gorderik mantentzen ditugu, eta horietako asko baztertu egiten ditugu geure buruarekin -bakarrik, alegia- bagaude. Zera proposatzen dut: gure EBko saio batzuen zati bat erabiltzea elkar-entzuleak soilik gure pentsamenduak entzun ditzan.

Hori egiteko egitura bat ere badugu: Pentsatu eta entzun.

Pentsatzeko eta entzuteko talde bat pertsona gutxi batzuek osatzen dute, lauzpabost agian. Denbora berdintasunez banatzen da parte-hartzaileen artean. Taldekide bakoitzak sei edo zortzi minutuko txanda bat izan dezake, edo batzuetan bost minutuko bi txanda, bi buelta eman ahal izateko.

Espero da nork bere txandan burua aske utziko duela (askatasunez pentsatuko duela). Jarraibide bat dugu hori segurtasunez egin ahal izateko: inor ezin da aritu pertsona horrek esandakoari buruz –berorren baimenik barik–. Pertsona horrek ez du justifikatu edo defendatu behar esan duena beste inorentzat. Taldeko partaideek esaten dutena ez da zertan arrazoizko, edo arrazional edo egingarria ere izan. Burura datorkiena adierazi dezakete, edozer dela ere, mugarik gabe.

Gero gainontzeko kideen txandak izango dira. Lehenengoaren gauza bera egin behar dute, baina ezingo dute aipurik egin aurrekoek esandakoari. Parte-hartzaileek interesa erakusten dute, baina ezin dute esandako ezer aipatu edo epaitu.

Hau ez da ideien eztabaida. Gogamen bakoitzaren askapena da. Interesgarria da. Gutako askok gure txandako lehen zatia eman genuen esaten: “Ez dakit. Ez daukat zer esanik. Ez dut ideia onik”. Horrelakoak esan behar izan ditugu sarritan gure buruak defendatzeko iraganeko eraso-aldietan. Baina, askotan, ia txanda erdia pasa ondoren, badirudi pertsona horiek badituztela ideiak, eta beren pentsamenduari erreparatzen diote.

Gure gizarteek ez gaituzte bultzatzen pentsatzera, ozen pentsatzera edo pentsamenduak partekatzera. Baina gutako bakoitzak ondo pentsatu ahal du. Gutako bakoitzak pentsamendu onak eta pentsamendu zoroak izan ditzake. Eta gure pentsamendu bakoitza interesgarria eta erabilgarria da. “Pentsatu eta entzun” egitura bide ona da hasteko horretan.

Horrelako aukerak izatea askatzailea da. Nire esperientzia “Pentsatu eta Entzun” jardueran da gure gogamena estaltzen duen “hautsa” garbitzen duela, eta gero pentsatzen jarraitzera  ausartzen garela.

Saia zaitez modu hau erabiltzen, agian astero. Aukeratu lauzpabost pertsona, agian haien ordutegiak kontuan hartuta, eta saiatu elkarrekin Pentsatzen eta Entzuten, agian bakoitzak hiru minuturekin. Erronda bakar batekin hasi. Horrek ez darama ia batere denborarik eta antolaketa gutxi eskatzen du. Zure burua erakutsi beste pertsona batzuei, besterik ez duzu egin behar, ozen pentsatzera animatuko zaituen egoera batean.

Klima-larrialdiaren erronkari buruz Pentsatzeko eta Entzuteko talde bat egin dezagun nahi dut. Helburua ez da asaskatzea. Hala ere, ondo dago asaskatzea horrek pentsatzen laguntzen badizu. Ez gara saiatzen ondo definitutako irtenbide osoak lortzen. Irtenbide posibleen bila gabiltza, hurbilekoak zein urrunekoak. Hasteko, honako galdera hauek egin genitzake: “Zeintzuk dira klima-larrialdia konpontzeko hurrengo urratsak?”. “Ba al da miraririk dena konponduko duenik?” Eta horrela hurrenez hurren.

Tim Jackins

Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

Artikuluaren jatorrizko izenburua:
The Think-and-Listen

Present Time-n argitaratuta: 213. zk., 2023ko urria

Itzulpena: Iñaki Kasares

Euskal Herria

 


Last modified: 2024-05-01 18:33:08+00