News flash

WEBINARS

Impact of U.S. Election
Results on Climate
Action in the U.S.

Saturday, January 4
Sunday, January 5
Diane Shisk

 

Zertan saiatzen ari garen

Tim Jackins-ek LEP talde bati Zoom bidez emandako hitzaldi batetik hartua, 2022ko maiatza

Urte mordoxka daramagu okerrak zuzentzen. Berrogeita hamar edo hirurogei urte asaskatzen behar izan genituen ohartu ahal izateko zein isolatuta egon ginen gure bizitzen hastapenetan, eta zein bakarrik egon garen gerora ere. Ikertzen aritu gara zelan ez utzi nahasmenari eta birsubermatzeari bananduta eduki ez gaitzaten; zelan nork bere burua gehiago agertu elkarri, zelan iritsi hurkoarengana sakonago, zelan zaindu elkarri garbiago, gure ezagutzak, jardunak eta teknikak erabiliz norabide hauetan aurrera egiteko.

Gero eta gehiago hartzen diogu aintzat elkarri norberaren gizatasuna, eta horrelaxe elkar hartzen saiatzen gara. Gutako bakoitza beste edonor bezain gizatiarra da, ez du axola zer gertatu zitzaigun, zer estutasun dauzkagun oraindik, ez du axola birsubermatutako zein estutasun erakusten ditugun, nahiz eta horrela izan ez dadin ahaleginak egin. Berdinak gara denok gizatasunean, gure estutasunak aktiboak edo pasiboak badira ere, gure estutasunen eraginez biktima gisa, ikusle isila edo gizartearen estutasunen kontra jokatzen badugu ere.

Era berean, gainontzeko pertsonez arduratzen saiatzen gara garbiro, baita badakigun hori haiekin partekatzen ere. Pertsona gehiagorengana heltzen gara eta gure Erkidegoetara gonbidatzen ditugu. Orain hasiera hartan baino jende kopuru handiagoaz arduratu gaitezke.

Minduta heltzen gara EBra, ondo ibiltzeko arazoak ditugula; hala ere, gero eta gaitasun handiagoa dugu kanporatutako estutasunak txukun kudeatzeko, denon artean sortutako baliabideei esker. Norbaitek bere estutasuna kanporatzen duenean hori etenarazteko gai izan nahi dugu; pertsona horiengana hurbildu eta haietaz arduratu nahi dugu gizakitzat harturik, eta ez haserretu lagun horiek beren minen ondorioak erakusten ari direlako. Gure asmoa da ez hartzea hori guztia kontu pertsonala bailitzan; ez ditugu zigortu gura estutasunak dituztelako.

Hori guztiz garrantzitsua da guretzat. Zapalkuntza oro ezabatzen engaiatzen gara zeharo. Hala zapaltzaile nola zapalduaren rolean harrapatuta dauden pertsonekin arduratzen gara. Gure ideiak eta tresnak erabiltzen ditugu zapalkuntza guztiak desagerrarazteko, dendenonak eta betirako.

GIZARTEAK BANANDU, ERASOTU ETA ZIGORTU EGITEN DU

Bizi garen gizarteak jendea zapaldu beharra du. Jendeari estutasunak instalatzea ezinbesteko du, jendeok elkar zapaldu dezagun. Aldi berean, gizarteak erasotu egiten dio gizarteak berak instalatu dizkion estutasunen arabera jokatzen duen jendeari.

Jendarte honek ezin du bestela jardun. Ez zaio komeni zapalkuntza guztiak amaitzea. Izan ere, zapalkuntzok norbanakoek zein taldeek elkarri erasotzeko eta elkarrengandik banantzeko erabiltzen ditu, baita ere denok beldur izan gaitezen gizarteak zauritu gintuen moduan erasotuak izateko.

Zapalkuntza erabiltzen du jendea herabeti eta pasibo bihurtzeko. Eta denok zapalkuntzak pairatu behar izan ditugunez, horiexek erabiltzen ditu pertsona oro jomuga potentzial bilakatzeko.

Gizarteak beretzat mehatxu diren gizabanako eta taldeei eraso egiten die. Baita oraindik mehatxu handi ez direnei ere, horren ondorioz birsubermatu daitezen eta ez dezaten pentsa benetako arazoez eta gertatzen ari denaz.

Honek esan nahi du gutako edozein izan daitekeela erasotua. Baliteke, soilik EBko kide izateagatik erasotuak izatea. Honek esan nahi du EBk erasoa paira dezakeela ustez gauza txarrak gertatzea ahalbidetzen duelako, gauza txarrak onartzeagatik eta laguntzeagatik, jendeari bere erroreengatik ez zigortzeagatik (uste baita zigorrik ezarri ezean, “onartzen” ari garela gertaera txarra).

Guk denok eta EB Erkidegoak ere pertsona batzuk subermatuak ditugu horiek beren etsipenaren, desilusioaren eta horrelakoen errua guri leporatzeraino. Gure arteko erakusleek posibilitate gehiago dute erasotuak izateko.

Boston-en (Massachusetts, AEB) EBk jasa zuen erasoak ondo argi erakutsi zuen zelan eraso batek eragin dezakeen gauzak okertzea, hedatzea eta elkar-entzule ohiak beren onetik ateratzea, hainbesteraino non beren birsubermadurekin gure bila etor daitezkeen (guri jazarri eta erasotzeko). Adibide ona da ohartu gaitezen kudeatzen ikasi (zoriontsu eta aldrebestu gabe) behar dugunaz.

ZELAN AZALDU DEZAKEGU EB ZER DEN KANPOKO JENDEAK ULER AHAL DEZAN?

Horrela gaude, beraz. Saiatzen ari gara zerbait idazten gure paper ofizialetan -Elkar Entzutearen Bidezko Berrebaluatze Erkidegoen Jarraibideetan- erakusteko ulertzen dugula zer den zapalkuntza eta zer kaltegarria den; bere aurka gaudela erabat eta baditugula tresna baliogarriak hura prebenitzeko eta eragiten duen mina sendatzeko; saiatzen ari garela jendea ez zigortzen ezta erruduntzen ere pairatu duten minagatik, baizik-eta haiei laguntzen sendatzen, jokaera kaltegarriak iraun ez dezan.

Zelan azaldu dezakegu hau EBtik kanpoko jendeak ulertu ahal izateko?

Kontua ez da guk hanka sartzen ez dugula, den-denok egiten dugu-eta. Baina guk konpromisoa hartzen dugu errorerik ez egiten saiatzeko eta, egiten ditugunean, horiek ulertu eta efikaziaz kudeatzeko ere bai. Gure hutsegiteak azaleratu nahi ditugu gure artean (horietaz debatitu), landu eta txarto jokatzera eraman gaituena kudeatu nahi dugu, berriro hala gerta ez dadin.

Zelan adierazi dezakegu gure kudeatzeko modu hau askoz eraginkorragoa dela jendea bere hanka sartzeengatik zigortzea baino? Zelan idatziko dugu hori gure Jarraibideetan ulergarria izan dadin baita EB zer den berehala adituko ez duen jendearentzat ere? Zelan azalduko dugu zer egiten ari garen jendeak uler dezan jendarteak EBri buruz nahita birsubermatzen ari denean? Gure Jarraibideetan zerbait jarri behar al genuke, gauzak bide horretatik joanez gero, auzitegian erasoei aurre egiteko?

Hauxe da Jarraibideekin egiten saiatu garena. Hasierako urratsak dira hauek. Gutako inor ez dago oraindik gogobeteta egindakoarekin eta hamaika aldiz aldatuko dugu aste honetantxe. Nork daki zer asmatuko dugun. Baina prozesu baliotsua da. Izan ere, bultzatu gaitu garbiago pentsatzera eta gure egoera ulertzera zabalago eta zehatzago.

Artikuluaren jatorrizko izenburua: “What We Are Trying to Do” Present Time-n argitaratuta: 208. zk., 2022ko uztaila Itzulpena: Iñaki Kasares Euskal Herria


Last modified: 2024-05-01 18:33:08+00