Trantsizioari buruz

EB Erkidegoko erakusle maiteak,

Lehenik eta bat, nire esker on eta estimua agertu nahi dizuet EB Erkidegoko erakusle izateko ahaleginagatik. Gure Erkidegoak egokiro garatzen eta hazten jarraitu du azken hamarkadetan, baita azken urte zailotan ere. Mila esker.

COVID-a dela eta, azken bi urteotan funtzionatu ahal izateko egin behar izan ditugun gogoetak eta esfortzuak eskakizun handikoak izan dira guztiontzat. Gure funtzionamendua aldatu eta gure egitamu batzuk mantsotu egin ditu horrek. Mundu-aurreko konferentziak urtebetez atzeratu behar izan genituen eta orain online egin beharko ditugu. Horrek funtzionatu egin zuen, eta funtzionatzen jarraitzen du, baina gauza asko aldatu dira. Ezin izan nintzen jendearekin egon lehenengo bi Mundu-aurreko konferentzietan eta, egun, badirudi ezingo naizela egon aurrez aurre jendearekin besteetan ere.

Mundu-aurreko konferentzia hauetan ez ditut izango aurreko urteetako aukera berdinak, hori dela eta zuen arreta eraman gura dut urte askoan landu dugun gai batera. Nahi nuke lidergoan gabiltzan guztiok gure gogamena jar dezagun EBko kide gehiago erakusle izatera eta EBn lidergo-rolak hartzera animatzen.

Betidanik uste izan dugu pertsona oro lidergorako gai dela eta, era berean, EBren ezaguera sakona duen oro gauza dela EBn lidergorako, nahiz eta, beharbada, aurrena bere lidergoa oztopatzen duten estutasunak asaskatu beharko dituen. Jakin ere badakigu zelan asaskatu behar den lidergorako bidea urratzeko. EBko Erkidegoen Jarraibideetan aipatzen dugunez, “EB Erkidegoak lidergoan aritzeko aukerak eskaini nahi dizkio pertsona gehiagori eta, baita, biztanleria orokorraren ordezkari den gero eta talde anitzagoari ere (adin, arraza eta klase desberdinetako eta gutxi ordezkatutako beste talde batzuetako pertsonak barne). Hau guztia, egungo Erreferentzia Pertsonen lidergo-trebetasunak eta eskarmentuak galdu barik".

Oraindik ere, badirudi oinarrizko eskolak ematea abiapuntu egokia dela EBko lidergoan lehenengo urratsak egiteko. Gainera, horrek Erkidegoa zabaltzea dakar eta, ondorioz, esparru zabalagoa sortzen da jendeak lidergoari ekiteko. Bestetik, Erreferentzia-eginkizunetan ibilitako kideek adorea eman behar diete beste elkar-entzule eskarmentudunei prestatzen has daitezen oraingo arduradunen tokia hartzeko geroan. Ordezkatze hau gertatzen ari da, apurka-apurka bada ere, baina gehiago asaskatu eta pentsatzen badugu honetaz biziagotuko dugu prozesua.

Kide batzuei zaila egiten zaie uztea erreferentzia-ardura ofiziala. Hori gertatzen da: batetik, estutasunengatik, baina bestetik, kide horiek beren eginkizuna betetzerakoan hobetzen jarraitzen dutelako; beraz, erakargarriak eta interesgarriak izaten jarraitzen dute. Erreferentzia Pertsonek beren ordezkoak presta ditzaten nahi dut, ez beraiek "bazterrean" gera daitezen, baizik-eta nahi dudalako beren gain har dezaten EB Erkidegoa gidatzeko bestelako moduak, batik bat EB Erkidegoaren zabalpena. Horretaz gain, nahi dut beren ordezkoari euskarritzen urte asko eman ahal dezaten. Nire ustez, erantzukizun handia dugu guk guztiok gure orain arteko ardura hartzen duen kideari laguntza ematen.

Duela bost urte, gure azkeneko Munduko Konferentzian, azaldu nuen nire asmoa zela zortzi urteren buruan Nazioarteko Erreferentzia Pertsona izateari uztea. COVIDagatik gure egutegia moldatu dugunez, ez dago garbi zortzi urte izango diren edo bederatzi, baina nire asmoa horixe da oraindik ere. Sasoi onean egon nahi dut nire ordezkoari eta Erkidegoari laguntza eman ahal izateko ardurari lagata gero urte askoan.

Nire aita hilda Nazioarteko Erreferentzi Pertsona bihurtu nintzenean (ordura arte Nazioarteko Erreferentzi Pertsonaren Ordezkoa bainintzen), Diane Shisk hautatu nuen nire Ordezkoa izan zedin. Erabaki ona izan zen. Harez gero, bost Munduko Konferentzietan berretsi gaituzte ardura horietan, eta ondo jardun dugu elkarrekin hogei urte baino gehiagoan. Denbora tarte honek era askotako fruituak eman ditu, besteak beste, gure Erkidegoaren geroaren alderdi ugari antolatzeko, esaterako, erakusleen ordezkatzea.

Diane eta biok elkarrekin arituak gara ea zein rol bete beharko lukeen Nazioarteko Erreferentzia Pertsonaren Ordezkoak (zeinak Nazioarteko Erreferentzia Pertsonaren ardura hartzera konprometitzen den, baldin eta egungo Erreferentzia Pertsonak ardurari utzi behar badio Konferentzien artean). Dianek proposatu eta biok adostu dugu hurrengo Mundu Konferentzian berak oraingo postuari utzi eta ordezkatua izatea. Beraz, hurrengo Konferentzian eskatuko dut Teresa Enrico onartzea Nazioarteko Erreferentzia Pertsonaren Ordezko. Badakit jakin, zuetako askok harreman izan duela Teresarekin, berak EBn hamarkada askoan bete dituen ardura-lanetan. Nire iritzian, hautagai on-ona da eta nahi nuke saioak egin ditzazuen nahiz lidergoari nahiz Teresari buruz, berari euskarri eman ahal izateko zabal-zabal.

Maitasun eta estimu handiaz

Tim Jackins

Artikuluaren jatorrizko izenburua: On Transition

Present Time-n argitaratuta: 206. zk., 2022ko urtarrila

Itzulpena: Iñaki Kasares

Euskal Herria

Present Time, 2022ko urtarrila, 69. orrialdea


Last modified: 2023-02-17 14:33:56+00