Menperatzeko moldeak asaskatzea

Ipar Amerikako Mendebaldeko Kostako Erakusleentzako Lantegian
Tim Jackins-ek emandako hitzalditik aterea, 2021eko urtarrilean

Menderakuntza lotuta dago gure harremanekin. Beste pertsonekin bat eginda ez banaiz, haiek nirekin ere ez, eta gizarte zapaltzaile batean bizi bagara, zelan eragingo dio horrek harremanak egiteko dugun gaitasunari? Uste dut garbi dagoela gure harreman guztiak menderakuntzak baldintzatuta daudela. Norbait ez badago nirekin bat eginda, eta niri buruz pentsatu ezin badu, segur aski menperatzaile jokatuko du nirekin, ahal badu.

Ni jaio nintzen munduan denek jokatzen zuten menperatzaile besteekin. Horrela, maite baninduten ere, nahitaezkoa zen menderakuntza gure harremanen osagaietakoa izatea. Beraz, neuk ere izan nuen estutasun hori. Denok izan genuen. Anaia-arreba zaharragoak bazenituen, horrela jokatuko zuten zurekin. Anaia-arreba gazteagoak bazenituen, zeuk jokatuko zenuen horrela haiekin. Gero, auzora joan, eskolara joan, eta han zegoen, nonahi. Toki guztietan zegoen halako “hierarkia ordena” (gizarte antolakuntza hierarkikoa).

Gauza bera gertatzen da gure harreman guztietan. Batzuok duela hogei, hogeita hamar edo berrogei urte ezagutzen dugu elkar. Zenbat eta hobeto elkar ezagutu, orduan-eta apalago manten dezakegu elkar menperatzeko joera. Baina oraindik ere, noizbait agertu egiten da hori. 

Munduan ere sarritan azaltzen da. AEBko presidente ohiaren gauza baliagarri bakanetako bat zen oso garbi adierazten zuela bere menperatzeko grina. Ez zuen axola zer gertatzen ari zen, edo bere posizioa bermatzen zuen pertsonarik edo frogarik agertzen zen edo ez, berak menperatu beharra zuen. Material (estutasun) horren oso eredu argia da bera. 

Negozio baten jabe bazara, negozioa menpean behar duzu. Langileak hartu eta bidal  ditzakezu, mailaz igo eta jaitsi. Armadan sartzen bazara, ezin xeheago ikus dezakezu menderakuntza. Kode baten arabera gertatzen da, baina kode horrek ez ditu jendearen estutasunak mugatzen, areago, sustatu egiten ditu, nolabait. 

Eskolan ere jazotzen da menderakuntza. Elkarrizketetan ere bai. Beharbada, ezin dugu legearen indarra baliatu horrela jokatzeko (negozio baten edo kargu politiko baten jabe zarenean bezala), baina horrelatsu tratatzen ditugu gainontzekoak, sotilkiago bada ere.

Jendeak uler gaitzan ahalegintzen gara. Menderatu gintuztenean inork arreta eman ez zigunez, sentitzen dugu zerbait dugula behin eta berriz esateko: garbi dago ez zidatela entzun; beraz, gero eta ozenago esan beharra dut, izoztutako beharrizan hori asebete nahian. Azkeneko hitza neuk botatzen saiatuko naiz. Eta azkeneko hitza ezin badut nik esan, behintzat, amaieran gutxiespenezko iruzkinen bat egingo dut, zure nagusitasuna lausotzearren.

Material hori daukagu gizarte osoak ere gainezka daukalako, eta horrek besteengandik urruntzen gaitu gero eta gehiago. Norbaitek material hori zenbat eta gehiago antzeztu behar izan, orduan-eta zailago egiten zaigu horrengana hurbiltzea; orduan-eta zailagoa egiten zaigu gerturatzea eta berekin bat egitea. 

Gizartearen material hau zapalkuntza guztietan erabiltzen da. Zapalkuntza guztiak gure bizitza goiztiarrean sentitu ditugu, hala horien jomuga zuzena izan ginelako, nola jendearen hurbil geundela nabaritu genituelako. Horrek zaurgarriago bihurtzen gaitu material hori erabiltzen duten zapalkuntzen aurrean.

Begiratu behar dugu zelan gertatu zitzaigun hori guztia. Norbaitek bere menderakuntza-materialak beregan izan zituen ondorioak guri erakusten digunean –gu baino pixka bat argiagoa dela eta pixka bat gehiago dakiela adierazi beharra sentitzen duenean– eta gure gogoak erreakzionatzen duenean, saio batera eraman dezakegu gertatutakoa geroago. Gutako askorentzat hori huskeria dirudien zerbaitez aritzea da: “Ez nioke horri garrantzirik eman behar. Txikikeria horrengatik ez nintzateke mindu behar”. Baina horregatik minduta bagaude, argi dago asaskatu behar dugula hori, harik eta birsubermatzen ez garen arte. 

Ona da nahikoa argitasun edukitzea menderakuntza-material bakoitzak eragiten digun subermadura ez antzezteko. Eblari gisa ikasten dugun gauzetako bat da ez erakustea sentitzen dugun subermadura bakoitza. Baina uneren batean, behar beste asaskatu beharra dugu subermatu ez gaitezen, menderakuntza-materialak nahas ez gaitzan eta elkarrekin aurrera egitea oztopa ez diezagun. Nahi nuke zure saio batean tarte bat jardun dezazun nork hartu zintuen mendean gogoratzen. Zelan iritsi zitzaizun? Noiz eman zenion buelta eta beste norbaiten aurka egin zenuen?

Estutasun bat barneratzen dugunean geure egiten dugu. Geure erantzukizun bilakatzen da. Horrek gure jokaerari eragiten dion modu ezberdinak izan daitezke, baldintzen arabera. Gehienetan biktima sentitzen gara, jatorrian jomuga izan ginelako. Eta errazagoa egiten zaigu lantzea gu jomuga izate hori. Pixka bat latzagoa egiten zaigu lantzea gu beste muturrean, zapaltzailearenean, jokatu genuenekoa. Maiz jendeak zapaltzaile jokatzen du, baina biktima sentitu. Besteak mendean hartzen saiatzen diren pertsonek beren bizitzaren alde eta menderatuak izatearen aurka borrokan ari direla sentitu ohi dute. Ez dute aitortzen beste muturreko rolera pasatu direla. Baina, beti bezala, egoera batean sentitzen garen modua ez da egoeraren errealitatearen froga sendoa. 

Landu behar dugu menderakuntzak zein gogor jo gintuen eta zein txarto sentiarazi zigun. Eta, bidenabar, horri begiratu eta gure gain hartu behar dugu material hori daukagula eta beste pertsona batzuekin horren arabera joka dezakegula.

Artikuluaren jatorrizko izenburua: “Discharging Patterns of Domination”
Present Time-n argitaratuta: 203. zk., 2021eko apirila
Itzulpena: Iñaki Kasares
Euskal Herria


Last modified: 2024-05-01 18:33:08+00