Ez dago giza etsairik

Jarraian, Musulmanen Aliatuen lantegian, Zoomez, 2020ko azaroan emandako hitzaldi bat doakizue.

Konfiantza osoz esan dezakegu ez dagoela gizakien artean berezko gatazkarik. Eta esan dezakegu ez dagoela giza etsairik. Zaila izan daiteke jabetzea (konturatzea) horren garrantziaz. Pentsamendu iraultzailea da.

Ideia horrek, giza etsairik ez egoteak, iraganaren eta etorkizunarekin zerikusia duen guztiaren ulermena alda dezake.

Badakigu inor ez dela inoren etsaia. Badakigu gizaki guztiak alde berean gaudela, interes berberak ditugula, gizaki guztiek modu naturalean sentitzen dutela (larritasunik ezean) elkarrenganako maitasuna.

“Etsai” kontzeptua gezur hutsa da. Asmakizun bat da. Fikzioa da.

Gizakiak ez dira elkarren etsai.

Munduan aurrez aurre ditugun arazo guztiak -pobrezia, gerrak, arrazakeria, beste zapalkuntza batzuk, ingurumenaren suntsipena- gizakiengan ezarritako larritasun-moldeek eragiten dituzte. Ez ditu balizko etsairen bat eragiten.

Baina boterean daudenen, gu zapaltzen eta esplotatzen jarraitu nahi dutenen, interesa (estutasunean oinarritutako interesa) da guk pentsatzea arazo horiek gure etsaiek eragiten dituztela. Etsaiak ditugula esaten digute, eta gure estutasunak manipulatzen dituzte etsaiak ditugula sinets dezagun eta zapaltzaileekin batera lan egin dezagun haiek suntsitzeko. Hori funtsezkoa da gizarte zapaltzaile eta esplotatzaile baten funtzionamendurako. Zoritxarrez, gure lehen estutasunek modu horretan manipulatuak izateko prestatzen gaituzte.

Badakigu gizakiok zauri emozionalekiko zaurgarriak garela. Milaka urtetan zauriak jasaten eta asaskatzeko aukerarik gabe, larritasun-zama handia daramagu, eta horietako batzuk beste batzuei bizkarreratzen dizkiegu. Sarritan, estutasunetik datozkigun sentimenduak eta mezuak sinetsi egiten ditugu, eta gure egoera zailen errua besteei egozten diegu. Entzuketa ona behar dugu, zauri goiztiarretan lan egiten eta nahasmendua drainatzen lagunduko diguna, egoeraren errealitatea ikusi ahal izateko.

Gutako gehienok ez gara gai gure gogamenean borroka egiteko (larritasunak uzten dizkigun grabazioen aurka), eta, beraz, estutasunok oraingoak balira bezala borrokatzen saiatzen gara, orainarekin zerikusia dutelakoan. Gure gizarteetan jasotzen ditugun mezuetan oinarrituta, gure etsaiak izango balira bezala ikusten ditugu hainbat pertsona.

Gure gogamenaren bazterren batean sentitzea gizakiren bat gugandik bananduta dagoela edo etsaia dela, edo gu baino gutxiago dela sentitzea -norbait alferrikako delakoan baztertzea- estutasuna da.

Gure bizitzaren lehen urteetan, gutako bakoitza behartua izan zen besteengandik banantzera eta onartu behar izan genuen pertsona batzuk etsaiak zirela. Horren aurka borrokan ibili ginen, baina azkenean amore eman eta onartu egin genuen.

Banantzeari buruz lan egin dezakegu, manipulatzeko erabiltzen duten mekanismo gisa, “bestelakoak” eta etsaiak badaudela sinets dezagun.

Orain aukera bikaina dugu besteengandik bananduta senti gintezen eta haien aurkariak ginela eta giza etsaiak daudela onar genezan ezarritako estutasunak ezabatzeko.

Benetako arazoak dira gizarte-baldintzak, asaskatze-prozesurako sarbiderik eza eta errealitatearekin bat ez datorren ikuspegia.

Etsaiak daudelako ideiaren aurka egiteko aukera dugu. Irrazionaltasunari aurre egin diezaiokegu orainaldian. Gutako inork ez du iraganean harrapatuta geratu nahi. Gure pentsamendu bikaina erabili nahi dugu irtenbide malguak eta adimentsuak sortzeko, pertsona-talde bat bera ere suntsiketaren jomuga izan ez dadin.

Argitu dezagun gure ikuspegia, ez baitago etsairik, eta pentsa dezagun nola zabaldu munduan.

Saio laburretan, etsaiekin lotuta dituzun oroitzapen goiztiarretan lan egin ezazu. Nortzuk zirela zure etsaiak esan zizuten? Nork esan zizun? Zer sentitu zenuen zure herriak etsaiak zituela esan zizutenean?

Azi Khalili

Hegoaldeko, Erdialdeko eta Mendebaldeko Asiar jatorriko
jendearen Askapenerako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

Brooklyn, New York, AEB

EB Erkidegoko kideentzako posta elektronikoko eztabaida-zerrendatik hartua

Artikuluaren jatorrizko izenburua: “No Human Enemies”

Present Time-n argitaratua: 202. zk., 2021eko urtarrila

Itzultzailea: Juan Gabriel Urriategi

Euskal Herria


Last modified: 2023-04-15 09:24:12+00