Klima-krisiari buruzko “informazio-iragarkiak”

2019tik aurrera, tokiko irrati-estazio batek, KRSM 98.9 FMk, galdetu zidan ea prest nengoen minutu bateko informazio-iragarkiak grabatzeko, irrati-estazioak transmititu zitzan. Esango nuke bost lagunen artean —indigena nahiz koloreko— egiten dugula Southside 60 deritzona. Nire minutua erabiliko dut klima-krisiaz hitz egiteko eta jendeak ekintzari eta itxaropenari euts diezaien. Hemen bi “informazio-iragarki” dituzu. Honelako aukerak bilatzera animatzen zaituztet denok, gure ikuspuntua entzuna izan dadin.

Marcie Rendon naiz, eta hau da nire Southside 60:

Giza bizitzari eutsi dion Ama Lurra aldaketa azkarren garai batean murgilduta dabil. Gizaki eta Ama Lurraren zaintzaile garen aldetik, historiako leku eta denbora batean gaude, non gure errukia, adeitasuna eta pentsamendu malgua gero eta gehiago beharko diren Ama Lurraren berotzea dela-eta sortzen ari diren erronkei aurre egiteko. Gizaki bakoitzak du gainerakoez ondo pentsatzeko gaitasuna, Ama Lurreko bizitza mota guztiei buruz ondo pentsatzeko gaitasuna. Egoera berri guztietan malgutasunez pentsatzeko gaitasuna dugu. Eta egoera bakoitza une berri eta ezberdin bat da, egoera berri eta desberdin bat. Geure ardura da, nire ustez, izan behar dugun pertsonak izateko ardura; atseginagoak, errukiorragoak izateko ardura; gure pentsamendua bizitza mota guztien onerako erabiltzekoa. Geure ontasunaz balia gaitezke, beldurrik eta lotsarik gabe. Horretarako, lidergoa hartzea erabaki dezakegu, inguruko guztientzat dena ondo doala ziurtatzeko. Lan handia dirudi, baina urratsez urrats egingarria bilakatzen da eta gizakion bizitza luzaroan iraunarazteko gaitasuna garatuko dugu.

Marcie Rendon naiz, eta hau da nire Southside 60:

Bizitzarekiko emozio sakonarekin jaiotzen gara denok, lor genezakeenarekiko amets eta itxaropen handiekin. Bizitzak ahultzera garamatza. Gutariko batzuek uko egiten diegu itxaropen eta amets horiei, baina inoiz ez dira erabat desagertzen. Hauts-geruzaz estalita daude —zapalkuntzaren, abusuaren, mendekotasunen hautsa, astindu ezinezkoa dirudien zauri gehiegiren hautsa—. Ezinezkoa dirudien arren, erabat posible da itxaropen eta amets horiek berreskuratu eta errealitate bihurtu arte bizitzea. Etorri datorren klima-aldaketaren garai honetan, gutako gero eta gehiagok erabaki beharko dugu —eta aktiboki erabaki ere— bizi behar izan ditugun zaurietatik eta zapalkuntzatik haratago joatea, leku ahaltsuago batera, amets eta itxaropen handi horiek bizitzeko dugun jaiotzagatiko eskubidea egia bihur dezagun. Gutako bakoitza gai da ondo bizitzea erabakitzeko eta ingurukoen bizitzak hobetoxeago joan daitezen ziurtatzeko. Komunitate batean behar beste pertsonak ondo bizitzeko erabakia hartzen badute, ingurukoak zaintzeko jarrera dutela, dena hobeto joango da guztientzat, klima-aldaketak dakartzan zailtasunak gorabehera.

Marcie Rendon

Minneapolis, Minnesota, AEB
Artikuluaren jatorrizko izenburua:

“‘Sound Bites’ on the Climate Crisis”

Present Time-n argitaratua: 199. zk., 2020ko apirila

Itzulpena: Juan Gabriel Urriategi

Euskal Herria


Last modified: 2022-12-13 20:19:42+00