Isolamenduari aurre egiten

Tim Jackins -ek 2019ko irailean Frisia eta Herbehereetako
irakasle eta liderren lantegian eman zuen hitzaldi batetik jasotakoa

 Isolatuta sentitzen gara. Isolatuta gaude. Ez dakigu nola konektatu edonorekin gustatuko litzaigukeen beste. Sarritan norbaitekin konektatzen saiatzen gara, baina birsubermatu egiten gara biok, eta amore ematen dugu. Ondoren, aurrera egiten dugu eta, agian, berriro saiatuko gara. 

Zenbat aldiz saiatu zara, eta amore eman duzu? Berriz ere ez saiatzeko adina aldiz eman duzu amore? Gutako asko eseri, eta norbaitek aurkituko gaituen esperoan egoten gara. Horrek ez du funtzionatzen oso maiz. Denok espero dugu norbaitek aurkituko gaituela.

Isolamenduak oztopoak jartzen dizkio egiten dugun guztiari, baita gure saioei ere. Partaide naizenean, ez dizut dena esaten, entzule. Pixka bat kontatzen dizut, baina kontatzen dizudana baino askoz gehiago gertatzen da nire buruan. Neurri batean erabiltzen zaitut; baina, hor egongo ez bazina, ez nintzateke saiatuko asaskatzen. Hala ere, ez dut askorik erabiltzen zure gogamena. Hori egia da zuetako beste batzuentzat ere. Zure entzuleak esaldi bat ematen dizu, asaskatzen lagunduko dizulakoan, eta zuk esan egiten duzu. Baina, batzuetan, zeure esaldia daukazu buruan harena esaten ari zarenean (barre-algara). Hemen ere ezin dugu egin benetako konexioa eta elkar erabili erabat.

Egia esateko, ez dakit nola kontatu dena. Inoiz ez dut izan guztia kontatu ahal izan diodan inor. Isolamendu mota horri aurre egiten ez badiogu, bananduta jarraituko dugu. Batzuetan nire entzuleari begiratzen diot, eta kezka ikusten dut haren aurpegian. Horrek ez nau lasaitzen. Eta kontu handiz pentsatzen ez badut, urrundu egiten dut pixka bat nire gogamenetik. Orduan, saioa harekin egin beharrean, gehiago egiten dut neure buruarekin. Baina gelditu eta pentsatzen badut, konturatzen naiz axola duena ez dela entzuleak kezka-moldea edukitzea –birsubermadura besterik ez baita–, baizik eta nirekin egon nahi duela eta nigatik saiatzen ari dela. Nire alde egotea erabaki du, eta hori erabil dezaket beti.

Zure entzuleari begiratu eta galde diezaiokezu: “Benetan al zaude nire alde?”. Baliteke hiruzpalau aldiz galdetu behar izatea haren erantzuna jaso aurretik. Orduan, partaide gisa, zure lana da hari sinesten saiatzea eta ez uztea inork zurekin egon nahi ez duelako sentimenduei gailentzen. Entzuleari sinestea erabaki dezakezu. Esaten duena egia dela erabaki dezakezu. Hori erabaki behar duzu, eta ez egon zure entzuleak sinetsarazteko zain. Zurekin egotea erabaki du. Erabili hori.

Egin dezagun saio laburra. Galdetu zure entzuleari: “Nire alde al zaude benetan?”. Eta saiatu ulertzen zer esan nahi duen horrek.

(saio laburra)

Gelan nabari zitekeen gure arteko ziurtasunik eza. Ez ezazu pertsonalki hartu hori. Ez da ezer pertsonala. Zurekin fidatzen ez den pertsona ez da inorekin fidatzen. Horrelakoak dira moldeak. Baina isolamenduari aurre egiten ez badiozu, zaila izango zaizu horretan sakonki lan egitea.

Zauri goiztiarrak landuko dituzun saio baten hasieran, galdetu zure entzuleari: “Nire alde al zaude?”. Asaskatu pixka bat horretan, entzulea erabiltzea galarazten dizun horretan. Hartara, gehiago erabili ahalko duzu entzulea estutasun goiztiarren aurkako borrokan.

Denok ditugu antzeko borrokak. Denok zauritu gintuen isolamenduak oso goiz. Ondoren, gizarteko zapalketa guztiek zauritu gintuzten: arrazismoak, sexismoak, gizonen zapalkuntzak, antisemitismoak eta abarrek. Baina zauri goiztiarrak gertatu ziren lehenengo, eta zauri haietaz asaskatzeak beste borroka guztiak askoz ere gardenagoak izatea eragingo du.

Gure alde eta gure ondoan egongo den norbait behar dugu borroka goiztiar horietan. Izatez, denak behar ditugu, ez baita banakako borroka bat. Gizarteak denok zauritu gaitu. Denoi gertatu zitzaigunaren aurkako borroka kolektiboa da benetan. Guztion alde borrokatu behar dugu, eta hori egiten ikasi behar dugu.

Lehenik eta behin, egin egingo dugula erabaki behar dugu. Ondoren, beste pertsona batzuek ere erabakiko dutela egitea erabaki behar dugu, ez gaudela bakarrik. Orduan, itzul gaitezke atzera, eta nahasi gintuzten borroka goiztiarrei aurre egin.

Artikuluaren jatorrizko izenburua: “Challenging Isolation”
Present Time-n argitaratua: 198. zk., 2020ko urtarrila
Itzulpena: Juan Gabriel Urriategi
Euskal Herria


Last modified: 2024-05-01 18:33:08+00