News flash

🌻  WEBINARS  🌻

Moving Forward from the World Conference
led by Tim Jackins
February 5

Threats from Nuclear Weapons
led by Julian Weissglass
February 11

Unified Goal on the Climate
led by Diane Shisk
& Janet Kabue
March 4 or 5

 LANTEGIETAN ITZULTZEA

Itzultzaile izatea (ahozko itzulpenak egitea) interesgarria, atsegina, kitzikagarria, erronkatsua, garrantzitsua dugu eta edozein egoeratan baliabide bilakatzen da. Zu itzultzaile Izateko erabakiaz jende andana onuradun izango da. Jendearen bizitza aldatzen lagundu ahalko duzu ideia eta pentsakizun iraultzaileak igorriz, gureak esaterako, EB-n.

Edonor izan al daiteke itzultzaile? Horixe baietz. Behar duzun gauza bakarra bigarren hizkuntza bat ikasi eta menperatzea duzu. Behin urrats sakon eta aberasgarri hau hartu duzularik aintzat hartu beharreko jarraibide batzuk dituzu EB lantegietan itzulpena egiterakoan.

ZEHATZA IZATEKO GAI IZATEA

Lehenik eta behin, itzuli behar zenuke bakarrik gai zarenean erakuslea komunikatzen ari den gauza bera komunikatzeko, beronen arreta ala pentsamendua oztopatzeke. Erakusleak erakusletzak berak eskatzen dituen lanez gain beste batzuk hartu beharra izateak ez du eta zentzurik. Berorrek ez luke zu zertan ari zaren kezkatu beharrik izango. Guk, itzultzaileok, erakuslearen pentsatze eta komunikatze prozesuak babestu behar genituzke, berau buruan sortzen dabilena zehatz-mehatz komunikatzearen bidez edo horren hurbilketarik ahalik eta estuen eskaintzearen bidez. Eta erakusleak arnasaldi laburra hartzeko aukera eduki behar luke, eta hurrengo informazio zatia prest eduki, zu berauk esan berri duena itzultzen ari zaren bitartean.

ZURE BURUA TREBATU

Beraz, itzultzaile izango bazara, zure burua trebatu beharra daukazu. Une eta leku pila duzu horretarako:

EB barruan- laguntza taldeetan, eskoletan, bileretan, saioetan; gune[1] ala lurralde[2] lantegietan, "plaza"erako ariketetan(panelak), huntza[3] taldeetan, otorduetan …

EB-tik At: nahi zenukeenean: ispiluaren aurrean, zure lagunekin, sendikoen artean, zineman filmeko protagonista esaten ari dena zure kolkorako itzuliz (hau sarritan egin dut, trebatze oso baliagarria duzu), elizan, mezetan, (maiz egin izan dut, txikitan elizara joaten behartua izan nintzen eta aspertu orduko nire bururako itzultzen aritzen nintzen); ibilgailuan zoazela irratian esaten dena itzuliz; txakurrari edo katuari itzuliz, hainbat hizkuntzatan (hau olgagarria da, etxeko animaliak akatsak bost axola zaizkienetako entzule finak baitira, beti arretatsu).

Gauza hauek egiterakoan hezkuntza sistemak zugan utzitako estuasunei aurre egin beharko diezu. Trebatzen ari zaren bitartean kontu hauez asaskatzen baldin baduzu itzultzaile eraginkor bihurtuko zara eta erakusleek aukeratuko zaituzte itzulpenak egiteko. Eta badakizu zenbat ikas dezakezun haien ondoan egonik.

BESTELAKO KONTUAK ALBORATU

Itzulpena egitea eta zure hizkuntza (kultura, norizana edo identitatea, lekua) aldarrikatzea bi auzi ezberdin ditugu; ez daukate aldi berean gertatu beharrik. Itzultzaile lanean lantegian aurre aldean kokaturik, erakuslearengandik hurbil eta bere "klona" izaten saiatu behar duzu, bere pentsamendua ahalik eta erarik zehatzenean igortzeko. Hauxe duzu erakuslearen gogamenean zure arreta osoa iltzatzeko unea, eta ez jende askoren aurrean egoteak burura ekar diezazukeen beste behar batzuetan. Zerorren hizkuntza, kultura, jaurentsia edo herentzia kulturala, norizana eta abar aldarrikatzeko bestelako uneak eta lekuak badituzu. Honetarako ezagutzen dudan tokirik egokiena nire saioak ditut, nire jaurentsiaren edo norizanaren ezaugarriren bat partekatzen duten pertsonekin osatu laguntza taldeetan edo lantegietan. Presta ezazu zure burua itzulpen osoa egiteko bestelako gaiek zu lekoratu gabe.

AKATSAK ZUZENDU

Guk itzultzaileok akatsak egin ohi ditugu eta egingo. Hau ez da arazo beraiek antzeman eta berehala zuzentzen baldin baditugu. Hogei minutuko itzulpen txanda batean akats bat, bi ala hiru egitea arrunta da eta ongi dago, erakuslearen pentsakizuna oztopatzen ez bagabiltza edota bere bersubermaketa muga ez bagara gainditzen ari. (Itzulpen taldeak eskola bakoitzaren ondoren hauxe egiaztatu behar luke lantegiko erakuslearekin berarekin).

Akatsak egiten etengabe ari baldin bagara eta lantegiko erakuslearen lana zein pentsatzeko eta komunikatzeko prozedura trabatzen ala mugatzen ari baldin bagara, gerarazi eta zuzendu beharra dago hau. Erakuslea ematen ari den informazioak pertsona bakoitza zuzen erdietsi beharra dauka, zalantzarik ala nahasmenik gabe. Behin eta berriz hanka sartzen ari baldin bazara itzulpen txandari amaiera eman eta lantegiaren aurrean minutuko asaskaketa izan dezakezu edota geroxeago saio laburretan eta saioetan, edo laguntza taldeetan ala itzultzaileentzako antolaturiko otorduetan asaska dezakezu.

Hau eguneroko kontua dugu: hanka sartzea egiten dugunean zuzendu egiten dugu.Itzultzerakoan etengabe akatsak egiten ari baldin bagara geratu beharko genuke eta saio laburra eduki. Hau gauza arruntatzat hartu behar genuke.Kontu hau auzi handia dela sentitzea edo zuzenketa bat eginez gero norbait minduta senti litekeenez ez genuke halakorik egin behar pentsatzea, edo itzultzaileak kosta ala kosta bere lana burutu arte ala ongi egin arte jarraitu behar lukeela iriztea estuasuna dugu.

Erakuslea, itzultzailea eta entzuleria nahastuta uzten dituen itzulpen nahastailea edukitzea baino hobeagoa da itzulpenik ez izatea.

ITZULPEN TALDEKO ERAKUSLEA

Akatsak zuzentzeko pertsona egokia nor dugu? Itzulpen taldeko erakuslea zuzenketa noiz egin edo itzultzailea noiz aldatu erabakitzen pertsona egokia liteke. Itzulpen taldeko erakuslea nor den aukeratzeko hizkuntza zapalketa eta askapena ulertzen duen pertsona aukeratu ohi dugu eta alor hauetan arrakastatsuki lanean aritu dena.

Itzulpen taldeko burua ohartzen baldin bada itzultzailea erakuslea esaten ari ez den informazioa ekoizten ari dela, datorren pausaldian informazio zuzena eskain dezake lantegian, erakusleak esan duenaren bera. Bide batez egiazta dezake itzultzailea orainaldian eta ohartsu ba ote dabilen. Ezezkoan, itzulpen taldeko buruak itzultzaileari lantegiaren aurrean bi minutuko saio laburra eskain diezaioke eta gero egiaztatu itzulpenarekin jarrai lezakeen ala ez. Ezezkoan, itzultzaile aldaketa proposa dezake. Bat ere arazorik gabe. Dena den,hau erakuslearen arabera burutuko da. Erakusle batzuk ezin ditzakete pausaldiok har beren pentsaera moztua izateke. Eta hau ekidin beharreko zerbait dugu.

Itzulpen taldeko buruak ez baldin badu itzultzen ari den hizkuntza ulertzen, itzulpena jasotzen ari den taldeko kideekin egiazta dezake kontu hau nola doan. Hau, oro har, otorduetan egin ohi dugu.

Itzulpen taldeko erakuslearen lana egiten ihardun dut azken urteetan eta erraz ikasi dut ohartzen noiz lantegiko erakuslea eta itzultzailea "bi gogamenen arteko dantza" armoniatsu, orekatu, olioztatu eta erraz batean dabiltzan eta noiz diruditen gurpilean kateaturiko makila. Azken kasu honetan itzultzailearen txandaren denbora murriztu egin izan dut, edo bere txanda amaiarazi, berari arreta eman eta beste itzultzaile batekin segi.

ELEANITZA DEN GIROAN ERAKUSLEA IZAN 

Lantegietako erakusleek ere beren burua trebatu behar lukete itzulpen giroan erakusle lanak egiteko. Egoera eleanitzak gure bizimoduan ohiko bihurtuko dira- herrialde batzuetan jada honela gertatzen ari da- eta gure lantegietan hizkuntza anitzak izatea gero eta arruntagoa izango da, gure erkidegoak eta eb-larien kopurua hazten doazen neurrian. Gure lurraldean lantegien ehuneko laurogei eta hamabosta itzulpenaz burutzen dira(eta gure Herria oso txikia da).

Zuen erkidegoan beste hizkuntza ezberdin bateko hiztunik ez baldin baduzu (hauxe ez da ohikoena egun; jendeari galdetzen diozunean"Zein zen zure lehenengo ala bigarren hizkuntza?" edo "Ze nolako harremana izan duzu beste hizkuntza batzuekin?"ia ia denek izan dituzte hizkuntza bat baino gehiago euren bizitzan) edonori eska diezaiokezu zuk esanikoa errepika dezala, ala errepika dezala zuk esandako era zure ondoren. Gero zure burua beha ezazu; lan egiteko meazulo handia aurkituko duzu, hor zenik ere ez zenuena pentsatuko.

PROPOSAMEN ERANTZULEA

Uste dut denontzako proposamen arduratsua dela. Munduaren errealitatea ez da hizkuntza bakar batean gertatzen ari, eta inor zapaldu nahi ez baldin badugu hau aintzat hartu beharra daukagu.

Hauek lantegietan ongi dabiltzan jarraibideetako batzuk dituzu. Jendea gero eta barnebilduago sentitzen ari da eta konfiantza gehiago erakusten. Zeure pentsakizunak ere lagungarri izan litezke.

   Eskerrik asko,

  Xabi Odriozol

Hizkuntzetarako eta Itzulpenetarako Ezaugarri Komuneko

Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

Donostia,Basque Country, Euskal Herria


[1] Gunea EB erkidego lokala duzu

[2] Lurraldea Nazioarteko Elkar-entzuketaren bidezko Berbaluaketaren Erkidegoaren azpiegituraketa duzu.

[3] Erakusleen huntza taldea komuneko gai baten inguruko erakusleen eta balizko erakusleen taldea duzu. Bertan pertsona bakoitzak txanda bana hartzen du honako atazak burutzeko: (1)Komuneko gai horren inguruan azken aldion zertan aritu den kontatzea, (2) bere ikuspegitik gai horretan zein den aurre egin beharreko egungo egoera esatea, (3), hurrengo sasoian erakusle bezala zer egiteko asmoa duen partekatzea eta (4) erakusle bezala bidean dukeen zailtasunei buruz asaskatzea.

 


Last modified: 2019-05-02 14:41:35+00