Gizonezkoen Menderakuntzaren eta Sexismoaren Eragina Hizkuntzan

EB-n luze pentsatu eta asaskatu dugu bizi gaituen sistema zapaltzaileak daukan eraginaz gure eguneroko bizitzan eta honen alor ezberdinetan. Orain arte ez dugu zantzurik aurkitu baieztatzeko gizakiak aldean daramatzan estutasunak berezko dituela, giza espeziearen izaeraren zati intrintsekoak direla. Aitzitik, behin eta berriz frogatu dugu aurkezten dugun edozein estutasun asaskatu eta gure gogamenetik aska dezakegula.

Hizkuntzaren arloan ere ez dago berezko estutasunik dakarren hizkuntzarik. Hizkuntzak dira -beste leku batzuetan baieztatu dudan bezala- giza adimenaren emaitza; eta giza adimenean berez ez dago akatsik.

Gizonezkoen menderakuntzak hizkuntzetan arrastorik utzi du, noski, beste milaka alorretan utzi duen bezala. Esaterako, artikulu hau idazten dabilen gogamen honetan gizonezkoen menderakuntzak utzi du aztarna handirik; honegatik idazti hau behin eta berriz berrikusi beharko da asaskatuz eta argituz aurrera goazen neurrian.

Gizakiak estutasunak aurkeztearen eta gizakiaren berezko onberatasunaren arteko bereizketa erraza zaigu behin EB-n eskarmentu pixka bat hartzen dugunean. Eb eskarmentudunok inoiz ez genuke esango gizakia dela bere estutasun pilaketa bera. Gauza bera gertatzen da hizkuntzekin. Behin gai honen inguruan asaskatu eta berbaluatu ahal izan duzunean erraz bereiz dezakezu hizkuntza bera, berari inposatu zaizkion estutasunetatik.

KULTURA NAGUSI ZANPATZAILEAREN ARRASTOAK

Hizkuntzak aztertzen baldin baditugu berehala ohartuko gara haietan kultura menderatzailearen eta zapaltzailearen aztarnak bizirik daudela, eta hizkuntzetan minok ezarri ziren garaietatik (aspaldiko inbasioak, gudak, suntsipen politika zapaltzaileak, esklabotza, jazarpenak, holokaustoak, genozidioak, etnia-zidioak, “hizkuntzazidioak”...) jarraitu dutela gure hizkuntzetan atxikirik, gaurdaino. Adibidez, koloreak nola erabiltzen ziren arrazakeriarekin bat egiteko; edo giza-gorputz atal batzuen denominazio oker batzuk nola erabiltzen ziren pertsonak iraintzeko, edo buru osasun sistemaren zapalketarekin bat egiteko gizakiez definizio ankerrak erabiltzen zirela estatus zapaltzaileari egokitzen ez zitzaizkionak etiketatzeko, eta abar. Gauza bera gertatzen da gizonezkoen menderakuntzaren eraginarekin; oso da nabarmena hizkuntzetan, batzuetan besteetan baino nabariagorik.

Goazen bi kasu nagusi laburki behatzera hizkuntzetan gizonezkoen menderakuntzaren eraginari buruz:

1) Emakumezkotasunaren unibertsoarekin zerikusia duen kontu asko ikusezin bilakatzea:

Gizonezkoen menderakuntza indarrean horrenbeste denbora luzean eta setati egon izan ez balitz pentsatzen dut emakumezko munduarekin loturiko hizkuntza-egitura, adierazpen, esamolde, termino, estilo, ezagutza eta aztarna dezente gehiago aurkituko genituzkeela gaur egun, emakumeen existentziaren bizipenen berri eta unibertsoarekiko beren harremanaz agerpen gehiago ekarriko lituzkeena. Ordea, androzentrismoak (maskulinoa guztiaren erdian jartzeko eta dena bere jira-biran mugiarazteko joera) menderakuntza handia erakutsi du -eta hizkuntzen hiztunengan nabaria da ere bai- eta ez du erraztu emakumeen aztarna hauek belaunaldiz belaunaldi igortzea, ez eta hizkuntzetan islatua egotea ere. Batzuetan emakumezko unibertso horren zati asko menderakuntza maskulinoaren bidez ordezkatua izan da.

2) Emakumezkotasunarekin zerikusia duen auzi asko mespretxatzea, iraintzea eta gaitzestea:

Gizonezko menderakuntzaren presentzia zapaltzaileak hizkuntzetan txertatu ditu hiztegi, estilo, definizio, esamolde...ugari, helburu horrekin. Esaterako, hizkuntza batzuetan emakumezkoen organo genitalen izena erabiltzen da pertsona edo egoera bat gaitzesteko edo ezkorra dela adierazteko.

Guk hitz egiten dugunean hitz, esamolde, estilo haiek berrekoitz ditzakegu ez baldin badugu behar arreta jartzen komunikazio prozesuan eta honela egoera hau bultzatzen eta hedatzen arituko ginateke; baina baita beraiek ekidin eta ordeztu ditzakegu ere hizkuntza era adimentsuagoak edota logikoagoak txertatuz. Orain, gure ardura da – gainera ongi egin dezakegun lana dugu- gure hizkuntzetan zein egitura zapaltzaile (estutasunezko) dauden antzematea eta berau ez erabiltzea erabakitzea, zapaltzaileak ez diren hizkuntza egitura, modu, era berriak sortuz eta proposatuz, adibidez, bakarrik maskulinoz aipatzen diren gauzen edo pertsonen alderdi emakumezkoa aipatzea.

Adibide soil batzuk emango ditut.

IRAGAN AURRE-PATRIARKAL BATEN OIHARTZUNAK

Nire hizkuntza, Euskara, oso zaharra da, gure bertako pentsalari eta ikerlari finenek 40.000 bat urte aitortzen dizkiote. Honen adibide batzuk dira “Mari” izena.

“Mari” euskaldunon jainkosa nagusia da, emakumezko energia guztiahaldun adimentsua eta biziarekin eta honen gertaerekin lotuta dauden agien (fenomenoen) kudeatzaile nagusia izan da. Guduak eta inbasio zein konkista patriarkatuak etorri aurretik -eta hauek gertatu ondoren ere - oraindik orain bizirik dirau, gure kultura indigenarako zein garrantzizkoa eta sakona izan den adierazle bizia delarik.

“Sorgin” (sortzen duena) hitzak adierazten du Amalurraren ezagutzaren eta jakituriaren jabe den emakume adimentsua, ahaltsua, haren jakituriaren eta ezagutzaren eroalea eta igorlea dena, belaunaldiz belaunaldi. “Sorgin afaria” da egiten den otordu-bilera, astean egun jakin batean (ostirala izan ohi zen gurean) eta leku jakinetan, bertakoontzako sakratuak zitzaizkigun lekuetan: harkaizpetan, zuhaizpetan, leza-zuloetan, erreka ondoko zelai-txokoetan...) burutu ohi zena, non taldean proposamen, helburu, erabaki eta erritual garrantzitsuak hartzen ziren.

“Sorgin-gosaria” gure etxeetan oraindik jende oso adinduak egin ohi du, egunak argitu baino bizpahiru ordu lehenago egiten den aurre-gosaria, hain zuzen. Gure sendiko helduek diote honek laguntzen diela biharamunari “argitasunez eta indarrez heltzen”.

Hauek lirateke gizonezkoen menderakuntzak ezabatu ezin izan dituen terminoak, beste batzuen artean, eta oraindik hitz egiten digute emakumeen presentziaren garrantziaz giza taldeen antolakuntzetan aurre patriarkatuaren garaietan zenaren balizko aztarnak.

Duela mende batzuk inkisizioak emakume jakintsu eta ahaltsu hauen aurka sistematikoki jo izana, berauek jazarriz, torturatuz eta inkisizioaren suteetan erahilik, gizarte antolakuntza borobil eta horizontalen ardura zutelakoan, patriarkatuaren menderakuntza bertikala eta hierarkikoaren aurka zuzenki joaten zirelako.

“Mingain zuria erabiltzea” gure bertako zaharrek honela definitzen dute: “gezurretan egitea”, hots, jende zuriaren hitz fidagaitza, gure hitz ez zuriaren (indigena) fidagarriaren aurrean.

GURE ADIMENA ISLATZEN DUEN KOMUNIKAZIOA

Ahozko zein idatzizko hizkuntza egiturazko estutasun sexistok ez dira zailtasun edo ukazio baino, emakumeak onartu eta begirune osoz (eta beraiekin zerikusia duen oro) eguneroko jardueretan barnebiltzeko, hizkuntzazko alorrera eramanak. Emakumezkoen askapenerako erabili beharreko hiztegiarekiko gabeziak eta hizkuntza zehaztasun faltak, zein emakumezkotasunaren unibertsoaren isla linguistikoaren gabeziak jatorri bera lukete ere bai. Feminismoak honetan lan ikaragarri aberatsa egin du.

Gure hizkuntzetan menderakuntzarik gabeko hizkuntza-erak baditugu gauza hauek guztiak komunikatzeko era garbi eta logiko batez. Zenbat eta gehiago asaskatu, ikertu eta pentsatu ziur naiz aurkituko ditugula eta eguneroko bizitzan txertatzeko gai izango garela.

Elkarrekin komunikatuta egotearen kausaz denon artean gero eta modu sexista gehiago aurkitu eta baliogabetu ahalko dugu, hizkuntzan bertan emakumezkotasun munduak merezi eta behar dituen duintasun, begirune, mugagabetasun, presentzia eta botere guzia izan ditzan.

Hauxe da guri dagokigun beste lan erakargarri eta loragarri bat: estutasunean oinarrituriko zati linguistikoak logikan oinarrituriko zati linguistikoen bidez ordezkatzea, hizkuntzaren komunikazio garden, adimentsu eta distiratsua gure adimenaren isla izan dadin, nonahi eta noiznahi.

Eskerrik asko irakurtzeagatik. Zure iritziaren zain.

Patxi Xabier Odriozola Ezeitza

Ezaugarri komuneko Nazioarteko Erreferentzia Pertsona
Hizkuntzetarako eta Ahozko Itzulpenetarako

Artatza, Araba, Euskal Herria

Euskaratik gaztelerarako Itzultzailea: Juan Gabriel Urriategi.
Itzulpenaren zuzentzailea: Patxi Xabier Odriozola
Gazteleratik ingeleserako itzultzailea: Terry Fletcher

 

 


Last modified: 2017-10-09 23:29:07+00